Franco Zumaian

Zuloagak Francori egindako erretratua (1941).

Orain dela egun batzuk, ETB2ko 360º programan, El mapa del franquismo en Euskadi izenburua zuen emanaldian Ignacio Zuloaga margolaria aipatzen zen frankismoarekin lotura zutenen intelektualen artean, eta nola Franco hainbat aldiz etorri zen Zuloagak Zumaian zuen museoa bisitatzera.

Franco diktadorearen bisita horien lekukotasunak hemeroteketan aurkitzen dira eta lau bisitena behintzat ikusi ditugu. Gipuzkoako egunkarietan ikus ditzakegu, baina Estatu mailan ere garrantzia ematen zieten, eta azkenengo hauek aukeratu ditut.

1939ko urriaren 15ean, bere emaztearekin etorri zen Zuloagarena, Ogasun ministroak lagunduta, besteak beste.1939-10-17ko La Vanguardia eta ABC.

1940ko irailaren 10ean, berriz, emaztea eta alabarekin etorri zen. 1940-09-11ko ABC.

Aurreko bi bisitaldietan, Zuloagak egin zion erretraturako posatzera etorria izango zen. 1941ean, erretratua eginda zegoen. Gaur egun, Pazo de Meirasen omen dago.

1943ko irailaren 13an, Debara zihoala, Mugimenduko idazkari nagusi ministroak lagunduta Zumaian geratu zen Zuloagari bisita egin eta museo ikustera. 1943-09-15eko La Vanguardia eta ABC.

1953ko abuztuaren 12an, Donostiako Amaran antituberkuloso sanatorioa inauguratu ondoren, Zuloagaren museoko gela berri bat ikustera etorri zen Franco, bere emaztearekin eta Gobernazio eta Merkataritza ministroek lagundurik. Museoko sarreran zain zituen harrera egiteko, Luis Carrero Blanco, Presidentziako ministroa, eta Alberto Martin Artajo, Kanpo harremanetarako ministroa, Valentine Dethomas Zuloagaren alarguna, eta Zumaiako alkatea eta parrokoa, besteak beste. 1953-08-13ko La Vanguardia. 

1953ko bisita Ezkerretik eskuinera: Font y Andreu gotzaina, Antonio Zuloaga Dethomas, Franco eta Carrero Blanco. 1953-08-15eko La Vanguardiaren lehen orrialdean.