SANTELMOAK

Zer eguraldi egingo du santelmoetan?

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Egaña 2017ko api. 20a, 08:58

Aurten santelmoetan giro ezin hobea espero dugu, tradizioarekin bat ez badator ere ez zaigu gehiegi inportako gehienoi, baina euririk ez da espero oraingo datuekin eta gainera nahiko ziurtasun handiarekin.

Egoera orokorra egonkor mantenduko da hilaren 25arte, antizikloia Britainiar uharteetan finkatuta. Horrela fronterik ezingo da iritsi guregana eta egun hauetan bezalaxe egonkortasunarekin jarraituko dugu asteburu osoan zehar.

Gainera, tenperaturak gora egingo du eta oso giro atsegina izango dugu. Hego haizea ibiliko da goizaldean eta goizeko ordu batzuetan eta gero brisa sartuko da egunero. Honen ondorioz, tenperatura maximoa 20 ºC-ren bueltan geratuko da, brisa noiz sartzen denaren arabera. Tenperatura minimoak ere goxatuko dira egun hauetakoekin konparatuz, eta orokorrean 10 ºC-ren bueltan geratuko dira. Egun guztiak antzekoak izango dira, beharbada hodei gehiago astelehenean (San Telmo egunean).

Beraz, giro oso atsegina santelmoak ospatzeko.