Zer eguraldi egingo du Gabonetan?

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Egaña 2016ko abe. 22a, 12:35

Abendua lehorretik doa eta ematen du horrelaxe amaituko dela. Orain arte euri oso gutxi egin du. 
Datozen egunetara begira jartzen bagara, egoera antiziklonikoa izango dugula garbi dago, gainera urtea bukatu arte egoera berdina izango dugu. Hemen urte bukaera arteko iragarpena, egunez egun zehaztuta.

Lehengo urtean ere abendua oso lehorra izan zen, datuak ditugunetik inoiz izandako abendurik lehorrena. Zumaian 16 litro metro karratuko jaso ziren, bataz bestekoa 150 litro metro karratuko denean. Aurten dagoeneko 19 litro jaso ditugu, beraz lehengo urtean baino zertxobait gehiago, baina askoz gehiago ez du egingo datozen egunetan. Beraz, berriro ere bataz bestekotik oso urruti geratuko gara, nahiz eta errekorra ez izan.

Abenduak 24
Larunbat goizaldean fronte batek hodei batzuk ekarriko dizkigu eta ezin da baztertu euri pixka bat egitea, baina egunean zehar hobera egingo du eta ostarteak zabaltzen joango dira, eguna ia oskarbi bukatu arte. Tenperatura oso atsegina izango da, maximoa 15 ºC ingurukoa, gainera haizerik apenas ibiliko den.

Abenduak 25
Eguna freskotik hasiko da, minimoa 6 ºC ingurukoa izango baita, baina giroa egunez oso atsegina izango da. Berriro ere maximoa 15 ºC inguruan geratuko da eta haizerik gabe. Zerua orokorrean garbi, nahiz eta hodei zurixkaren bat edo beste agertu daitekeen.

Abenduak 26 eta 27
Egoerak berdin jarraituko du. Haizea suabe-suabe, tenperatura atseginak egunez, maximoa 15 ºC inguruan eta zerua nahiko garbi, beharbada hodei batzurekin.

Abenduak 28tik 31ra
Hego haizea nagusituko da egun hauetan eta gainera indarra hartu dezake egun batzutan, bereziki 28an. Bestalde egoera ez da gehiegi aldatuko, zerua orokorrean nahiko garbi eta tenperaturak gorako bidean, maximoak 15 ºC-tik gora joango dira, dena den haizea indartsu dabilen egunetan sentsazioa ez da hain atsegina izango.

Beraz eta laburbilduz, lehorretik eta gauden garairako tenperatura altuekin pasako ditugu gabonak.
Esan beharra daukat beti ezin dela iragarpena hain epe luzera egin, baina kasu honetan egoera oso egonkorra da eta iragarpen hau betetzeko probabilitatea oso altua da.