Petrolioaren eta gasaren prezioak maximo historikotan daude. Jada ez da zalantzarik datorkigun negua gordina izango dela, erregaien prezioen gorakada orokorrari elikagaien prezioen igotze nabarmenak segi die.

Badirudi, gainera, egoera hau asko luzatuko dela, inflazioa sortu duten sakoneko kausak azken hamarkadan kapitalismoa jasaten ari den krisi sakonaren ondorio baitira eta ez soilik Ukrainako gerraren ondorio. Baliteke, negu honetan, familia askok berogailua jartzeko arazo latzak izatea. Batetik, inflazioak jada langile guztien hilabete bateko soldata adinako eros ahalmena jan duelako, eta, bestetik, ez dagoelako gas nahiko eskaria asetzeko eta Europar Batasuna bera jada hasi da errazionamendu egoera batez hitz egiten. 

Errazionamenduaz bai, eta ez gaude gerra ondorengo frankismoaren lehen urteetan, non errazionamendu kartillak eguneroko ogia ziren. Mendebalde kapitalista oparotasunaren amets hezean ito da eta inork imajinatzen ez zituen egoerak bueltan dira. Baina hegoalde globalean edota mundu "azpigaratuan" egoera arras okerragoa da. Nazio Batuen elikagai programaren datuen arabera, 2016. urtetik egun arte gose arrisku larrian dauden pertsonen kopurua % 31 igo da. Beraz, gerra ez da guztiaren ondorio, eta bai kausalitate bat. Sahara azpiko Afrikako herrialde ugarik jada aitortu dute elikadura larrialdi egoeran daudela. 2022. urtea, gosez hilko den jendeaz ari gara.