Martxoan, 'Koaderno handia'

Erabiltzailearen aurpegia irakurrimatte 2024ko ots. 16a, 16:53

Agota Kristof (1935-2011) idazle hungariarraren Koaderno handia liburu zirraragarria izango dugu mintzagai martxoaren 5ean. 

Kontatzen denagatik eta kontatzen den moduagatik egin zen ezagun Kristofen nobela. Egileak bi mutiko bikiren ahotik erakusten dizkigu bigarren mundu gerran jazotakoak, hizkera soil, xume eta sakonean. Kristof-ek berea ez zen hizkuntzan, frantsesez idatzi zuen: "hizkuntza etsaian". Erbesterako bidea hartu behar izan zuenean Bulgariatik Suitzara joan zen, eta han ikasi eta erabili behar izan zuen frantsesa. Bere hizkuntza zapaltzen zion hizkuntzan egin zen idazle.

Koaderno handia ez da euskaraz irakur dezakegun idazlearen obra bakarra, eskura dituzue, Atzo nobela, Berdin dio ipuin-liburua eta Analfabetoa idazle memoire bikaina ere.

Agota Kristofen liburuek gai gogorrak lantzen dituzte; bakardadea, bortizkeria, gudak, heriotza. Gaiaren gogortasuna orekatzeko estilo irakurterraza erabiltzen du: esaldi lauak, apaindura gabeak, deskripziorik gabeak eta motzak dira, hau da, zuzenean mamira jotzen du.

Ikasketa-prozesu baten lekuko egiten gaitu Koaderno Handiak. Pertsonaia nagusien, bi anaia bikien, ikasketa-prozesua da. Hirurogeita bi atal laburretan zehar, zer ez digute kontatzen. Eta nola. Liburuak jakin-mina pizten du. Erakarri eta berarekin eramaten du irakurlea liluraturik. Edonor harritzen baitu horrelako gertaera lazgarriak hain xalo kontaturik entzuteak. Xalotasunaire hori lortzeko, Agota Kristofek haurren idaztankera antzeratzen du. Irakurketa amaitu eta gero, liburua itxi eta gogoetatsu geratuko gara, irria ezpainetan eta galderaren bat buruan jauzika. Gaiztoak eta ankerrak al dira? Zer da Ongia?; zer Gaizkia? Non ditu Etikak mugak? Nork du munstro-izaera, mutikoek ala inguruan duten gizarteak? Besteaz gabetua izan den baten erraietako garrasia ote da Koadernoa? Umore beltz ederrez zipriztinduriko garrasia betiere. Liburu apala, xumea; eta, bere xumean, baita sakona ere.

Hementxe dituzue idazlearen lanak, kritikak eta abarrak.