Abenduaren 12an 'Bihurguneko nasa' Uxue Apaolazarekin

Erabiltzailearen aurpegia irakurrimatte 2023ko aza. 16a, 17:06

Urteko azken saioan Uxue Apaolazarekin (Hernani, 1981) elkartuko gara 2022ko Euskadi Saria irabazi zuen ipuin-liburua kometatzeko: Bihurguneko nasa. Bederatzi narrazio biltzen ditu liburuak, denak ere Lur izeneko protagonista dutenak, zein baino zein zorrotzagoak. Hitzordua Alondegiko Moila gelan izango da arratsaldeko 18:00etan. Gonbidatuta zaudete.

Hamar urte geroago Madrilgo eguzkipean Juan, Josetxo, Fer eta Estebanekin elkartuko da Lur. Elkar barkatzen duen lagunarte bat, elkarbanatutakoaz nork bere kontakizuna gordeko duen arren. Zeru horrexek egiten die aterpe liburu hau osatzen duten bederatzi narrazioei, non azalduko diren trenbide ondoko prozesionariak, manoletinekin ibiltzearen urradurak, lo den haurra hilko balitz zer galdetzen duten hizketa gurutzatuak, bulegoetako estoldak eta ke arrosa.

Kondizio sozialaren konkrezioez, elkartasunaren, lehiaren eta karitatearen artekoez, arrotzaren aurreko izuaz zein dantza-gogoaz, familia loturez, beldurraz eta epikaz —arrosaz zein klase ertainarenaz— ari dira Uxue Apaolazaren ipuinok. Ironiaz zorroztu ditu egileak, euri xeheak bezala leun baina osorik blaitzen duen eguneroko indarkeria sarri antzemanezina atzemanez.

Susa argitaletxeko fitxan duzue liburuari buruzko informazio zabala: kritikak, irratsaioak, elkarrizketak...