Irulegi bisitatuko dute Indamendikoek igandean

Joan den asteburuan Artzamendira egindako irteeraren irudi bat.

Arangurenetik hasi eta Taxoare herrira arteko ibilbidea egingo dute, tartean Irulegi mendia igota. Ostiral eguerdia baino lehen eman beharko da izena.

Datorren igandean, maiatzaren 5ean, Nafarroara joango gara Indamendiko kideak. Arangurenetik hasi, eta Taxoare herrira arteko ibilbidea egingo dugu,  tartean Irulegi mendira (893 metro) igo ondoren. Tontorrean, Iruñea defendatzen zuen gotorleku bat zegoen, eta oraindik ere bertan daude haren aztarnak. Azken urte hauetan inguru hau indusketa gunea da, eta hainbat aurkikuntza egin dituzte, tartean, Irulegiko eskua. Irulegiko eskua metalezko pieza bat da, K.a. I. mendearen bukaeran hondatutako herri baten ahurrean aurkitu dute. Irteera honek 19 kilometro eta 843 metroko desnibel positiboa ditu.

Egun osoko irteera izango da, eta beraz, norberak bere bazkaria eraman beharko du. Bide osoan zehar ez dago iturririk, eta norberak bere ura eramatea komenigarria da. Animatu eta eman izena Indamendiken webgunean edo WhatsAppez (688 860 852) ostiral eguerdia baino lehen.

Irteerarako autobusa 07:30ean aterako da Patxita Etxezarretatik (Kantauriko geltokitik). Autobusaren prezioa helduentzat 13 eurokoa da, eta haurrentzat 7 eurokoa.

Gogoratu Indamendik antolatzen dituen irteeretara edonor etorri daitekeela, elkarteko bazkide izan edo ez.