Dolmenetako bidea, urriaren 29an

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2023ko urr. 23a, 08:00

Ordua aldatzearekin batera, gure mendi irteerak goiz-bueltak izatera pasako dira, eta lehenbizikoa datorren urriaren 29an egingo dugu. Urrutira joan gabe, Debabarrena eta Urola bailara lotzen dituen Dolmenetako bidea egitea proposatzen dizuegu.

Elgoibartik Karakatera igoko gara, eta handik Hirukurutzetara bitartean, hainbat tontor eta historiaurreko ondare ugari aurkituko dugu bidean. Aipatzekoa da, bere 3,5 metroko altuerarekin, Arribiribilletako menhirra. Urteetan, mugarri bat zela pentsatu izan zan, Barandiaranek 1920an bere balioa argitu zuen arte.

Goiz-buelta honetako ibilbideak 14 kilometro eta 890 metroko desnibel metatua ditu. Bertara gurekin etortzeko, izena eman dezakezue gure webgunean edo goiko estankoan (943-86 03 57). Autobusa Patxita Etxezarretako geltokitik aterako da, eta bere prezioa helduentzat 7 eurokoa eta umeentzat 5 eurokoa izango da. Gogoratu, baita ere, Indamendik antolatzen dituen irteeratara edonor joan daitekeela, nahiz eta bazkide ez izan.