Albako harria bisitatuko du Indamendik larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2023ko ira. 4a, 10:17

Berderizko lepotik Albako Harrira joko dute mendizaleek. Guztira, 20 kilometroko ibilbidea proposatu dute ikasturteko lehen irteerarako.

Ikasturtearekin batera, guk ere gure jardunaldiari ekingo diogu. Hasteko, datorren larunbaterako, irailak 9, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaiaren tartean ibilbide bat proposatzen dugu. Aldude herritik abiatuko gara, basoak eta bidezidorrak zeharkatuz, Berderizko lepora igo arte. Hemen hasiko dugun bidea iparraldea eta hegoaldea banatzen dituen Okoro-Alba-Autza mendilerroan dago. Bertan topatuko dugu Harrikulunka bezala ezagutzen den 50 tona eta 4 metrotako luzera duen harri blokea.

Beste harri baten gainean egonda, gainera igoz gero, pisuaren eraginez kili-kolo mugitzen da. Hortik datorkio bere izena. Ibilbide honetako gailur nagusia Albako Harria izango da. Bere 1074 metrotako garaierarekin, Baztango panoramika zabala eskaintzen digu, baita Elizondorena ere. Ibilbidearen amaiera izango den herria.
Egun osoko ibilbide honek 20 kilometro eta 852 metrotako desnibel metatua ditu.

Irteerara joateko, gure webgunean edo goiko estankoan (943-86 03 57) izena eman daiteke ostiral eguerdia baino lehenago. Autobusa Patxita Etxezarretako geltokitik aterako da, eta bere prezioa 13 eurokoa izango da helduentzat eta 7 eurokoa haurrentzat. Eguraldiak laguntzen badu, bidean bazkalduko dugu, beraz, soinean eraman jatordua. Gogoratu Indamendik antolatzen dituen irteeratara edonor joan daitekeela, nahiz eta bazkide ez izan.

Animatu eta bertan ikusiko dugu elkar.