Gaztetxearen 10. urteurrena dela eta egun osoko egitaraua izango da

Erabiltzailearen aurpegia Torreberri Gaztetxea 2018ko eka. 28a, 11:28

Uztailaren 9an 10 urte izango dira Zumaiako hainbat gaztek zumaiako lehenengo gaztetxea izango zena okupatu zutenetik. Urtebeteko bizia izan zuen gaztetxe hark, baina bertan bizitakoa ondo iltzatuta dago herriko gazte askoren buruetan. Han egindako lanari eta gazte horien guztien konpromisoari esker, Torreberri Gaztetxea lortu genuen.

Zumaiako gazteok gure jarduna aurrera eramateko guk geuk kudeatutako espazio bat dugula 10 urte dira, eta data berezi hori ospatzeko egun osoko egitaraua prestatu dugu, larunbat honetarako. 12:00etan hasiko dugu eguna, 10. urteurrena ospatzeko brindisarekin. 14:30ean bazkaria izango dugu gaztetxean bertan. Inpernupe eta Metro tabernetan daude salgai bazkarirako txartelak. 

Arratsaldean, trikitilarien laguntzaz gazte mugimenduarentzat urte hauetan guztietan garrantzitsuak izango diren lekuetatik pasako gara, eta herriko bertsolariak kantuan ariko zaizkigu leku horietako bakoitzean.

Gaztetxean borobilduko dugu eguna. Breaking Brokkoli, Hortzaka eta Krustaceos taldeen kontzertuak eta DJ Eme bikotearen saioa izango ditugu. Jai giro paregabia izango dugu! Ez gelditu gora begira eta etorri gaztetxera!