Irabazteko ilusioz

Paper zuri bat, mila arrazoi, eta nondik heldu asmatu ezinik. Maiatzak bat, mila arrazoi eta ni asmatu ezinik. Liburutegiko leihotik begira nago, inspirazioa noiz etorriko zain.

Bidegorritik bi neskato patinetean, nire alabak, atzetik amama eta osaba doaz, halako batean heldulekua…

Azken boladan behin eta berriz esaten digute gure seme-alabak gu baino okerrago biziko direla, lehen aldia izango dela hori gertatuko dena. Esaten digute, baita ere, gure pentsioak ez daudela ziurtaturik eta badaezpada ere plan pribaturen bat begiratzen hasteko. Esaten digute gure gurasoen borrokak ekarritako eskubideak ez dituztela edukiko gure seme-alabek, baina nik ez diet sinesten.

Nik elkartasunaren indarrean sinisten dut, elkarturik gauza ederrak egiteko gai garelako maite dugun hori babesteko, indartzeko, eraikitzeko…

Astelehenero dugu elkartasunaren indarra gure kaleetan, elkartu dira pentsiodunak borroka duin baten inguruan eta argi utzi dute agenda politikoa baldintzatzeko gai direla.

Borroka feministak ere hartu du indarra, onargarriak ez diren egoerak ez ditugulako onartuko, ez ezetz delako.

Ederra da elkartasunaren indarra borrokan ari direnen aurpegietan ikustea. Harro eta pozik, mundu hobea eraikitzen. Gure erantzuteko modua aldatzen denean, elkarturik borrokatzeko prest gaudenean, utopiak egia bihurtzen hasten dira.

Maiatzaren 1ak elkartzeko beste aukera bat ematen digu, pentsiodunak, langile prekarioak, feministak, gazteak, elkarturik gure beharrak mahai gainean jarri, eta ondorengoei ametsak egia nola bihurtzen diren erakutsi behar diegu, borrokatzen erakutsi behar diegu.

Imajina dezagun segundo batez, azken martxoaren 8ak ez direla gertatu, feminista ote garen galdetzen digutenean, ez dakigula zer erantzun, astelehen goizetan pentsiodunak Marca irakurriz pasatzen dutela goiza, imajina dezagun borrokatzeko gaitasuna galdu dugula; zer tristea, ezta?

Borrokatzen garenean sentitzen gara bizirik, borrokatzen garenean sinesten dugu gure ondorengoei mundu hobea eskaini ahal diezaiekegula, nahiz eta sinestarazi nahi diguten borrokatzeak ez duela zentzurik, ez sinetsi. Jarraitu borrokatzen, lotu borrokara, sinetsi matxismoa gaindituko dugula, sinetsi mundu justuagoa posiblea dela, eta borrokatzen garenean, borroka gaitezen irribarre eder bat eskainiz, irabaztera goaz eta!!