Gaur jarri da martxan Ardantzabide auzoko aparkamendua arautzeko sistema

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko ots. 27a, 09:03

Dagoeneko martxan da, Ardantzabide auzoan, aparkamendua antolatzeko sistema berria. Helburu du datozen hilabeteotan bertan zabalduko den supermerkatuaren irekieraren aurrean auzotarrak lehenetsi eta babestea, bereziki aparkamenduaren antolamenduan arreta berezia jarriz.

Horretarako Ardantzabide 07 Hirigintza Areako Plan Berezia onartu zuen Udalak 2016ko azaroan eta horren arabera, aparkamenduari dagokionez, %75 egoiliarrentzat jaso da eta gainerako %25a aparkaleku libre gisa eskainiko da.

Horiek horrela, gaurtik aurrera ezinbestekoa izango da bertakoen txartela izatea egoiliarren eremuan aparkatu ahal izateko. Honenbestez, oraindik txartela eskuratu ez duten auzokideek udaletxean eskatu ahal izango dute. Horretarako, ordea, beharrezkoa izango da ibilgailua Zumaian eta auzoan bertan erroldatuta egotea.  

Era berean, egoiliarren txartela ez duten zumaiarrek, Ardantzabiden aparkaleku libre gisa eskaintzen diren eremuetan aparkatzen jarraitu ahal izango dute, orain arte bezala.

Amaitzeko, ezarritako sistema hau Ardantzabiden urte osoan zehar martxan egongo dela ziurtatu du Udalak.