Puntanuetan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko urratsak ematen ari da Udala

Dagoeneko, udal gobernua hainbat aldiz bildu da Visesa etxebizitza sustatzailea den sozietate publikoarekin urtetan zehar geldirik egon den lur eremu hau libratzeko xedez.

Urte ugari igaro ditu Puntanuetako lur eremuak geldirik. Bertan eraiki nahi diren babes ofizialeko etxebizitzen eraikitze lanak ez dira aurrera eraman azken urteotan eta honen aurrean, udal gobernuak, proiektua berriro ere martxan jartzeko urratsak eman ditu.    

Horiek horrela, Udala, Visesa etxebizitza sustatzailea den sozietate publikoarekin jarri da harremanetan. Egindako bileretan, Puntanuetako eremua libratzeko aurrera pausoak landu eta garatu ditu gobernuak sozietate honekin. Besteak beste, aipaturiko eremu honetan, etxebizitzak eraikitzea oztopatzen duten lur poluituak arazoari irtenbidea nola eman aztertu eta hau konpontzeko aurrera pausoak eman dituzte.

Neurri honetatik haratago, Udal gobernuak, etxebizitza babestua eta alokairu soziala bultzatzeko helburua du, eta bere programan jasotako konpromiso honi helduz, Puntanuetan, 53 etxebizitza berri eraiki nahi ditu. Horretarako, eta noski, eremu honek gaur egun duen egoerari buelta emateko, Udalak, ezinbestekotzat jo du herritarren artean dagoen eskaera eta beharrak zeintzuk diren lehen eskutik ezagutzea.

Honen harira, Udaletik jakinarazi dute, datozen egunetan, zumaiarrek, Puntanuetan eraiki nahi diren etxebizitzen inguruko informazioa jasoko dutela beren etxeetan. Horrela, herritarrek, proiektuaren berri izango dute eta aldi berean, etxebizitza hauetan interesa duen orok, Udalarekin eta Visesarekin jarri ahal izango du harremanetan.

Modu honetara, gobernuak, herritarren artean dagoen eskaera maila ezagutu ahal izango du eta honen baitan, proiektuan aurrera pausoak ematen jarraitu ahal izango du. Udaletik berretsi dute Puntanuetako proiektuak helburu duela zumaiarrei etxebizitza aukera berriak eskaintzea eta horretarako, eremu hau libratzea eta egungo egoerari buelta ematea lehenetsiko dituela adierazi du gobernu taldeak.