Trantsizio ekologiko justua: oligopolio energetikoari ez!

Erabiltzailearen aurpegia Sortu Zumaia 2022ko urr. 27a, 10:00

Gogor salatzen dugu Repsol edo Iberdrola moduko konpainia energetiko  handien jarduna. Gogor salatzen dugu haien arduradunen harropuzkeria,  elkartasun falta eta diruzalekeria. Izan ere, haien asmo bakarra da dirua  egitea, kosta ahala kosta. Pobretu egin gaituzte, inozo deitu digute eta ez  dute lotsarik esateko ez daudela prest zerga gehiago ordaintzeko.  

Zu, irakurle, konturatuko zinen zenbat igo den bizitza oro har, batez ere energia. Bada Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak 4,24 milioi  euro irabazi zituen iaz (egunean 11.600 euro). Eta Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak, 13,2 milioi (egunean 36.160 euro). Ankerra baino ankerragoa da gutxi batzuek gero eta gehiago pilatzen duten  bitartean, gehienek gero eta gutxiago izatea.  

Kapitalismo basati honek ekarri gaitu amildegira. Beste hamaika krisirekin  batera eragin ditu energia- eta klima-krisia. Herritarrok, langileok, pentsiodunok, migratzaileok, gazteok, emakumeok, ez dugu zertan  ordaindu.  

Asko dago jokoan. Behar-beharrezkoa dugu errotikako aldaketa bat,  energia-trantsizio justua eta demokratikoa behar dugu. Horregatik, energia sektorean berehalako esku-hartzea aldarrikatzen dugu, herritarrek eta  enpresa txiki eta ertainek energiagatik prezio justua ordaintzeko, gutxi  batzuek denon kontura negozioa egitea galarazteko, berriztagarrietan  oinarritzeko, CO2 isuriak gelditzeko eta oligopolio handiek nuklearra eta  gasa bezalako energiak berdez ez margotzeko.  

Bestalde, energia-burujabetza behar dugu, alegia, hemen ekoiztea hemen  behar dugun energia. Gaur-gaurkoz energia-inportatzaile hutsak gara.  EAEn, %90 kanpotik ekartzen dugu; Nafarroan, %79. Menpekotasun  horrek gure herria zaurgarri egiten du, orain ikusten ari garen bezala.  Oligopolioen interesetatik at, gure energia beharrak planifikatu eta  berriztagarrietan oinarritutako trantsizio energetikoaren alde borrokatzeko  dei egiten dugu. Olatu bat altxa behar dugu. Horrexegatik azaroaren 12an  Bilbon EH Bilduk Abante lelopean egingo duen manifestazioan parte  hartuko dugu.