Aurtengo Gabon bezpera gauean hil zaigu Joxe Etxeberria Korta lagun apaiz pasaitarra, hutsune nabarmena utziaz gure artean. Nabarmen gelditu da gizon oso estimatua dela gure artean.
Nire zor txiki bat ordaindu asmoz nator Baleikeren orrialde honetara. Izan ere, hil aurreko asteartean lau lagunok ohiko bazkaritan elkartu ginenean, betiko umore onean ikusi bagenuen ere, galdera harrigarri hauxe egin zigun beste hiruroi: zuek etorriko al zerate nere entierrora? Nik bertso baten aipamena egin nion, gaur hona dakarkidan ale honena hain zuzen.
Ikusten denez bi bertsolari lagunek, Joxe Lizaso eta Manuel Uztapidek, behin batean mozkorraldi batean-edo elkarri hitza eman zioten, bietako lehenbizi hiltzen zenari besteak hiletakoan bertsoa kantatuko ziola. Eta halaxe, Uztapideren hileta elizkizunean Oiartzungo parrokia jendez beteta, Joxe Lizaso zenak bertso hauxe kantatu zion bere adiskide zenari, doinu ezezagun berrian kantatu ere;
Mundu hau uzten bazun
nik baino lehenago
bertsoz agurtutzeko
agindua nago,
nahiz negarrez gelditu
ifar eta hego,
Jainkoa poztuko zan
zalantzik ez dago
zeruan duelako
lagun bat gehiago.
Bertso hauxe aipatu nion Joxeri Atxega jatetxeko bazkalondo hartan, handik bizpahiru egunetara joango zitzaigula imaginatu ere egin gabe. Eta gaur hona ekarri nahi izan dut haren oroimenean. Egun haundira arte.