Ze nezesidade?

Erabiltzailearen aurpegia Josu Waliño 2020ko mai. 10a, 10:00
Aupa Kattan,
 
Pasa gara fasez, zerotik baterako kontagailua martxan jarri da. Fasez fase, desfasera iristeko gogoz gabiltza, eta bitartean ahal duguna egiten jarraitzen dugu. 
Itxialdiak iraun duen bitartean ahalegindu naiz dinamika gregariotan ez erortzen: ez dut komuneko paperik erosi, ez ogirik egin, ezta txalo jo ere. Baina aste honetan herriko kirolariak on fire ikusi ditudanean, ni ere gora etorri, eta ostiral goizean saltaka egitera atera nintzen. 
 
Bai. Ni. Saltaka. Etxetik atera eta ehun metro egin orduko hauspoa sutan sentitzen nuen. “Ze nezesidade?” galdetu nion nire buruari. Ludoteka parera iristerako, bihotza lehertzear igarri eta Coronavirusak lortu ez zuena kirolak lortuko zuela pentsatu nuen. Kattan, saltaka aldiaren delirioan Baleiken nire obituarioa idazten ikusi hinduan, Tabucchiren Pereira inklitoaren moduan: “Ez zen mutil txarra, baina…” esaldiarekin hasi, eta hortik aurrera, egurra! 
 
Gaur, atzoko agujetak kentzeko mendi buelta egitera joan naiz. Mendira joatea ohikoa dudanez eroso sentitu naiz, eta ez dut nire osasunarentzat arriskurik ikusi. Inuzentea ni! Elorrixara bidean abiatu orduko bizikleta bat bestearen atzetik aldapa behera agertu diraabiada bizian. Ez nekien Andika parean Tourmaleteko jaitsiera jokatzen zenik! Berriz ikusi haut ordenagailu aurrean, nire obituarioari bueltaka: “Ez zuen txirrindularitza maite, baina…”, eta egurra berriz ere.
 
Enfin, hik esan bezala, gure afizioak beste bide batzuetatik doaz, ustez arrisku gutxiagokoak. Badakik nik ez ditudala kontzertuak faltan botatzen, ez naizelako inoiz zalea izan, baina antzerki eta zinemaren hutsunea nabaritzen dut. Ironikoa izan arren, kalera atera garen honetan zinema areto batean sartzeko aukera eskertuko nuke. Laster streaming bidez estreinatuko dizkigute filmak, Scorseseren azken tostoiarekin egin zuten moduan. Hemen ere, “ze nezesidade?” galdetu beharko genuke.
 
Iritsiko dira garai hobeak, eta, bitartean, gure osasuna terrazaren batean jarriko dugu arriskuan.
 
PD: Oraingoan ados, itxialdiaren emaitzarik onena Alvaro Ortizen komikia izan da, zalantzarik gabe.