Zuhaitz landaketa egingo da Elorriagan igandean

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2019ko mar. 12a, 08:32
Itziarko Auzo Udalak, Lizarbe Guraso Elkarteak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Antolatzaileek herritarrei dei egin diete ekimenean parte har dezaten. 

Azken urteotan bezala, aurten ere, martxoaren 17an, igandez, zuhaitz landaketa egingo da Itziarko Elorriagako lursailetan (Deba). Itziarko Auzo Udalak, Lizarbe Guraso Elkarteak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu dute ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Ekimen honek helburu bikoitza du: Biotopoaren eremuan bertako basoa eta paisaia berreskuratzea eta ingurumenaren balioez jendartea heztea, bereziki umeen eta gaztetxoen parte-hartzea sustatuz.

Guztira, 150 bat zuhaitz eta zuhaixka landatuko dira jabego publikoko lursailetan, aurreko urteetan egindako landaketak osatuz. Horiez gain, gure paisaian galzorian diren heskaiak –lursailak banatzeko zuhaixkez sortutako mugak edo hesiak– sortzeko landaketak egingo dira, iazko saiakera jarraituz. Zuhaitz landareak Aldundiak jarriko ditu.

Hitzordua 9:30ean da, Elorriaga auzoko Galarreta gainean (Itziar, Deba). Landaketa 12:30ak arte luzatuko da. Behin lanak amaituta, mokadu bat eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei Lauhaizeta Elkartean.

Antolatzaileek herritarrei dei egin diete egitasmoan parte har dezaten.