Oier Kortak elkarrizketan esandakoei Zumaiako EH Bilduren erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2021ko uzt. 15a, 10:10
Saiatzen gara eztabaida antzuetan ez sartzen, baina Oier Kortak elkarrizketan esandako zenbait gauza ikusita, erantzun beharrean gaude:
 
Saiatzen gara eztabaida antzuetan ez sartzen, baina Oier Kortak elkarrizketan esandako zenbait gauza ikusita, erantzun beharrean gaude:
 
1) Pandemiaren kudeaketan Udal Gobernuak izan duen paperarekin lotuta, dio EAJ "leialtasunez jokatu" duela eta "ez dela prentsan atera, kritikak udal barrurako utziz". Hemeroteka hor dago, eta pandemian zehar soilik gai horrekin lotutako kritikekin EAJk guztira 15 prentsa ohar bidali zituen Baleikera, Udala eta herritarrak elkarlanean pandemiari aurre egiten ari ziren bitartean. Hori larriagoa da, ordea, kontutan hartzen badugu Udalak martxan jarri zituen laguntza, iniziatiba... asko ez zirela bere eskumenekoak, Eusko Jaurlaritza edo Aldundiaren (bietan EAJ gobernuan dago gainera) ekimen faltari aurre hartu behar izan ziola sarritan Udalak, bere baliabide murritzekin. Adibidearekin jarraitzeko, Oier Kortak aipatzen du Udalak herriko bolondres sare batekin elkarlanean musukoak egin eta zumaiar guztiei doan banatzea berandu iritsi zela. Bada, musuko horiek banatu zirenean oraindik Eusko Jaurlaritzak ez zien herritarrei musukoa erabiltzeko irizpidea eman. Atera kontuak.
 
2) Larretxoko igogailua prest utzi omen zuen aurreko gobernuak, eta oraingoak bi urte galdu omen ditu. Gauzak diren bezala esan behar dira: 2018an agindu zien Oier Kortak igogailua Larretxoko bizilagunei. 2019ko ekainean gobernura iritsi ginenean,  oraindik proiektua batzordean onartu gabe zegoen, arau subsidiarioetatik kanpo zegoenez dagokion plan berezia egin gabe eta larriena dena, aurrekontuetan horretarako diru partidarik gorde gabe. Gainera, egiteko asmoa zuen igogailuak ez zituen auzotarren esanetan haien beharrak asebetetzen. Beraz ez dira bi urte alferrik galdu, epe horretan auzotarrekin batera auzoko irisgarritasun plan osoa egin da, haien iritzia entzun da eta orain bi igogailu egingo dira baten ordez, beste hainbat lanekin batera. 
 
3) Komentuari buruz, irakurritakoak irakurrita soilik esan dezakegu Oier Kortak ez duela Madrilen eskatzen diren diru laguntza horien metodologia (zeren arabera ematen diren laguntzak, horien zenbatekoak...) ulertzeko ahalegin handirik egin. Baina herritarrei informazio okerra ematea arduragabea da. Ez dakigu zergatik, baina batzuetan iruditzen zaigu EAJk ez duela interes handirik komentuko proiektua aurrera atera dadin eta eraikinean musika eta arte eszenikoen eskola berria kokatu dadin. Guk hautes programan hitza eman genuen eta bete egingo dugu, proiektua martxan jarrita.
 
4) Publifikazioei lotuta, berak dioen bezala eredu ezberdinak ditugu. Esanguratsua da dioena, nola beraien eredua den zuzenean enpresa jakin batzuekin bildu eta udalaren aurrekontu eta asmoak beraiekin adostea. Hori gutxi ez eta zerbitzu nuklearrak, esentzialak, publifikatu behar direla dio, horiek zeintzuk diren argitu gabe. Zaintza ez da esentziala? Pandemiatik ez dugu ezer ikasi? Bestalde, garbitzaileen publifikazioarekin 4 lanpostu galduko direla ere gezurra da. 12 lanpostu finko daude orain eta 12 egongo dira gero, eta 4 lanpostu daude ordezkapenak egiten orain eta ordezkapenetarako lan poltsa egongo da gero 4 postu horiek kubritzeko. Bakoitzak bere eredua badu, defendatu dezala, baina EAJk bere eredua defendatzeko ez du gezurretan jardun beharrik. Eta behar hori badu, beste zerbaiten seinale izango da.