Positiboa da Hondakinen Mahaian lortu zen akordioa berriz ezartzea

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2016ko abe. 14a, 09:46

Hondakinen bilketa sistema berriaz balorazioa egin dugu.

Atzo aurkeztu zuten udal elkartean ordezkatutako alderdi guztiek 2018an gure eskualdean ezartzeko adostu duten hondakinen bilketa sistema. Alderdi guztiek lortutako adostasun hori positiboki baloratzen dugu Zumaiako EH Bildutik, ondorengo arrazoiengatik:
 
1) Behingoz hondakinen gaia eztabaida politikotik atera eta diskrezioz, irizpide teknikoei kasu eginda, adostasun bat lortu da. Benetako helburuak (gaikako bilketa ahalik eta altuena izatea) interes alderdikoien gainetik jarri dira eskualde mailan. Nahi baina beranduago izan bada ere, pozgarria da gaia arduraz tratatzeko alde guztiek hartutako jarrera.
 
2) Zumaian jada lortu zen adostasun hori, eta orduan Hondakinen Mahaiak adostutakoaren ia berdina da izenpetzen den akordioa. Zumaiako EH Bilduk azken udal hauteskundeetan aurkeztutako herri programan hondakinen bilketa sistema hori jartzeko asmoa zuela jaso zuen, eta gauzatuko dela dirudi. Zentzu horretan, positiboki baloratzen dugu akordio hori sinatu ondoren sistema hori ezartzkeo asmoan atzera egin zuen Zumaiako EAJ berriro oinarri horietara itzultzea.
 
3) Organiko eta errefus sortzaile handiei (enpresa, ostalari etab.) atez ate jasoko zaizkie hondakinak, egutegi bati jarraituta. Horrek, jasotzen diren hondakinak egoki sailkatuta daudela zuzenean bermatzea esan nahi du, eta sortzaile handiek emaitzetan duten eragina kontutan hartuta, helburuak lortzeko aurrerapauso egokia iruditzen zaigu. Puntu honetan ere, nabarmen, irizpide teknikoak irizpide alderdikoien gainetik jarri dira azkenean.
 
4) Adostutako sistema Arrasateko sisteman oinarritzen da. Arrasaten, Zumaiarekin batera heldu ziren Hondakinen Mahaian adostasunera. Zumaia eta Arrasaten lortu ziren sistema adostuak ia berdinak zirela esan daiteke. Arrasateko kasuan, Zumaian ez bezala, eztabaidarik gabe adostutako sistema ezarri zuten eta gaur egun hondakinen gaikako bilketaren emaitza bikainak lortzen dituzte. Bi urte beranduago bada ere, adostasunaren eta arduraren bidez Zumaia emaitza horien bidean jarriko dela uste dugu.
 
5) Hori guztia dela eta, herritarrei eta eragileei arduraz jokatzeko deia egiten diegu, Zumaiak ere ahalik eta bilketa selektibo altuena izan dezan.