Zumaiako EHBilduk bat egiten du eraso sexisten aurka gaur deituta dagoen konzentrazioarekin

Zumaiako EH Bilduk bat egiten du mugimendu feministak, gurasoek eta berdintasun foroak eraso sexisten aurka gaurko deitu duten mobilizazioarekin. Kontzentrazioa 20:00etan izango da Martxoaren 8 plazan, eta herritarrei dei egiten diegu bertaratzeko.

EH Bilduko taldearen asmoa atzo udal korporazio moduan beste alderdiekin batera adierazpen bateratua kaleratzea zen. Horretan saiatu gara baina ez da posible izan.

Izan ere, gure ustez, eraso sexistak ez dira inolaz ere “gertaera puntual” bat. Horrelako gertaerek agerian uzten dute gai honetan ere oraindik asko dugula egiteko. Tamalez, gaur egun intentsitate eta mota ezberdineko sexu erasoak ez dira kasu isolatuak. Hori horrela, edozein eraso edo jazarpenen aurrean horiek salatzeko dei  egitea, horrelako kasuak testuinguru orokor baten baitan kokatzea eta aurrera begirako lan lerroak marraztea izan behar da udal ordezkarion zeregina.

Beraz, gure ustez, eraso sexistak ez dira inolaz ere “segurtasun” kontu bat, gizartean eta kontzientzietan sustraituta dagoen egoera baten islada lazgarriak baizik. Desberdintasun eta botere harremanen ezabaketa izan behar genuke helburu, eta horretarako hezkidetza oinarrizkoa da. Hain zuzen ere, urteak dira arazo horri erantzuna emateko Udalean esfortzu handia eta sakona egiten dela, ez baita arazo puntuala, eta instituzioek erasoak segurtasunik ezarekin  lotu beharrean , sakoneko arrazoiei heldu beharko liekete.

Hori horrela, egoerari buelta emateko lanean jarraitu behar dugu guztiok, horrelako gertaerak errepika ez daitezen behar bezalako salaketa eginez. Gaur, 20:00retan dugu horretarako zita egokia.