Zer da maitasuna?

Erabiltzailearen aurpegia Bertso Eskola 2023ko api. 27a, 14:26
Jose Luis Antia 'Panderonekoa' arraunean, 1990ean.

Herriko zenbait bertsozalek hala eskatuta, Amets Arzallusek apirilaren 14ko saioan bakarka abestu zituen 3 bertsoak ekarri nahi izan ditugu hona. Antiatarren batel batek MAITASUNA izena zuela aintzat hartuta, horrelaxe galdetu zion Jon Maiak: zer da maitasuna, Amets?

Gure amaren osaba zenak / gaixoa ya hain urruna,

bere anaiekin zur hura lantzen / pasako zuen eguna;

forma emanda oholak josi, / tarteka erantsi beruna,

ta azkenean lija pasatu / ta zakar zena leuna,

metafora bat esplikatzeko / horixe da maitasuna.

 

Paolbidean zegon txalupa / sokak askatu aurrena,

arraunak lotu, eseri eta / haiei eragin hurrena,

utzi atzean errioa ta / dena itsasoarena,

joan-etorrian pasatu zuen / bere bizitza gehiena,

maitasuna da arraunaldi bat / inoiz bukatzen ez dena.

 

Gure osaba mutilzaharra zen / bizi zen bere kontura,

ez bikoterik, haurrik ere ez / bera bakarrik kantura,

ta Maitasuna jarri bazion / txalupa hari deitura,

iruditzen zait esan nahi izan / zuela bere modura;

maitasuna da daukazun hori / eta falta zaizun hura.