Axi Etxanizek irabazi du Bota bi kopla! lehiaketa

Aurten pixka bat aldatu egin dugu Gabonetako lehiaketa eta bertso baten ordez bi kopla idaztea proposatu genuen, gai librean. Irabazlea Axier Etxaniz Eizagirre izan da eta harentzat izango da afaria edo bazkaria Bittarte erretegian.

Hauek dira koplak:

ZORIONAK?

 Doinua: Egun da Santi Mamiña

 

Argi eta apaingarri

dendak erosle egarri

ta bitartean, kale gorrian

eskalea hotzez larri.

 

Erregalorik ezean

amak lotsatu antzean:

"semetxo, lasai, helduko dira

ziur datorren urtean".

 

Aurkeztu diren kopla onentsuenekin bilduma osatuko du Bertso Eskolak eta larunbatean Oxforden egingo den saioan banatuko da, eta kaxak egon diren tabernetan ere bai. Nahia Sasco gaixo dago eta haren ordez Aitor Servier arituko da beste bertsolari hauekin: Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Beñat Jauregi, Maider Arregi eta Txaber Altube; gaiak jarri eta aurkezteaz Bertol Etxabe eta Eire Salegi arduratuko dira. Sarrerak 3 € balio du eta aurrez erosteko aukera badago turismo bulegoan, goizez.