Gipuzkoako mendi biziketa txapelketa gazteenentzat

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2024ko api. 12a, 17:00

Aste Santu eta santelmoetako etenaldiaren ondoren, berriz ere Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklistak abailan dira.

Alebin eta Infantilek denboraldiko lehen txapelketak izango dituzte, Oiartzunen jokatuko da larunbat arratsaldean Mendi Bizikletaren Gipuzkoako Txapelketa. Infantil mailan, bi mutil eta neska bat izango ditugu lehiatzen: Borja Osa, Oinatz Alberdi eta Inge Zumeta; alebin mailan, berriz, hiru neska eta mutil bat: Mairi Lejarreta, Amaia Agirre, Amalia Agirre eta Mikel Otaño.

Ilusioz eta motibazioz gainezka daude Zumaiako T.E.ko infantil eta alebinak udaberri giroan jokatuko den txapelketa honetarako, nahiz eta jakitun izan beste eskola batzuek asko lantzen dutela mendi bizikleta eta zaila izango dela aurrekaldean ibiltzea. Baina, ikastea da garrantzitsuena eta horretarako prest dira.

Jubenilak denboraldiko sasoi garrantzitsuan murgiltzera doaz; datorren astean Nazioarteko Gipuzkoako Klasikoa jokatuko dute eta bertan Europako junior onenekin lehiatuko dira. Ormaiztegiko eta Egiako datorren asteko lasterketa handiak gogoan, aste honetan bi azterketa garrantzitsu dituzte: larunbatean Seguran eta igandean Lizarran.

Hortik jada Klasikari begira izango dira lanean eta ondoren Nafarroako klasika etorriko da, non Gipuzkoako selekzioarekin lehiatzeko deia jaso duten Beñat Sainz eta Aratz Unanue txirrindulariek. 

Kadetek ere lasterketa dute, Eibarren jokatuko da Udaberri saria. Bertan Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko zazpi txirrindulariek parte hartuko dute, 200 txirrindulariz osatutako tropelean agindu nahian. Oporraldian egindako lanaren neurgailua izango da Eibarko lasterketa.