Juniorrak Eibarren

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2024ko ots. 25a, 09:00

Viveros San Anton-Exlusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko juniorrek gaur hasiko dute errepideko denboraldia. Eibarren estreinatuko dute 2024ko denboraldia.

Lasterketak zailtasun nagusia bukaeran du. Etxebarritik San Migel igo beharko baitute, Elgoibarra jaitsi eta Eibarren helmuga zeharkatzeko. Bost txirrindulari junior dira taldean, bostak ere lehen urtekoak: Beñat Sainz, Danel Beristain, Iker Eizagirre, Aratz Unanue eta Kepa Korta. Kadeteek datorren hastean Beasainen izango dute lehen lasterketa eta elkarteko gazteenek ere datorren hastean Zarautzen hasiko dute errepideko denboraldia.

Zumaiako eskolan lehen pedalkadak eman eta kadete mailako jausia Limousin-Oriakorekin emango du Laia Zumetak. Honek igande arratsaldean Errenterian estreinatuko du maila eta taldea. Zumaian badira beste bi neska txirrindulari, biak ere 23 urtez azpikoen kategorian: Garazi Bergara Zatika taldean eta Maite Urteaga Eulen-JiraBiran; hauek okerrik ezean Nojan datorren astean, Espainiako kopako lasterketan hasiko dute denboraldia.

Pistako Gipuzkoako txapelketa

Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruakek joan den asteburuan amaitu zuen pistako denboraldia Gipuzkoako txapelketekin. Emaitzarik onenak abiaduran lortu zituzten; Beñat Sainz podiumera igo zen: brontzezko domina lortu zuen junior mailan. Kadete mailan, Oñatz Etxabe laugarren izan zen, txokolatezko domina beretzat. Omniumean ere taldetik ondoen bi txirrindulari hauek moldatu ziren: Beñat Sainzek omniuma zazpigarren bukatu zuen eta Oñatz Etxabek zortzigarren. Txapelketetan parte hartutako beste bi taldekideak Iker Eizagirre eta Amets Alberdi izan dira. 

Pistako Gipuzkoako txapelketaren azken jardunaldia bukatuta, Donostiako belodromoan Gipuzkoako eskola eta talde guztien aurkezpena egin zen eta bertan parte hartu zuen Zumaiako Txirrindulari Elkarteak. 2024 denboraldian 28 txirrindularik jantziko dituzte Zumaiako koloreak.