Mattin Salegi 23 urtez azpikoetan lehiatzeko prest

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2024ko ots. 1a, 17:00

L'Essor Basqueko lasterketak hastera doaz, eta bertan estreinatuko du maila eta talde berria Mattin Salegi txirrindulari zumaiarrak.

Jubenil maila utzi eta 2024ean Eulen-Jira birako txirrindularia izango da, talde berrian Eneko Aranguren ere alboan izango du, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldetik bi txirrindulari pasa baitira Dabid Etxebarria txirrindulari ohiak zuzentzen duen Eulen-JiraBira taldera. Taldea larunbatean Bokale-Tarnos etapan estreinatuko da, igandean, berriz, Zudaire-Kanbo etapan. Neguko lanak txintxo eta zuzen bete ostean Mattin Salegi gogoz dago denboraldiari ekiteko, eta ikusteko zein den bere tokia pelotoi berrian.

L'Essor Basquen Aitor Agirre (Laboral Kutxa) txirrindulari zumaiarrak ere parte hartuko du, oraingoan, Euskadiko selekzioko kide bezala. Euskadik zortzi txirrindulari hautatu ditu L'Essor Basque osoa egiteko. Beste batzuk aldatzen joango dira etapaz etapa, baina Aitor Agirre fijoetako bat izango da, baita denboraldian zehar selekzioko zutabeetako bat izango da zumaiarra helburuak ekaineko Espainiako Txapelketetan jarri eta bertara ondo uztartutako selekzio bat errepideratzeko ere. Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldetik goranzko urratsa eman duen beste txirrindularia Adur Tapia da: Eisser-Hirumeteko mailot berria estreinatuko du. Zumaiako Txirrindulari Elkartetik denboraldi ona opa diegu guztiei.

Espainiako Kopan gaizki

Tafallan jokatutako pistako Espainiako Kopako proban ez ziren ondo aritu Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindulariak; bakar batek ere ez zituen sailkapen probak gainditu. Lanean segitzea besterik ez dago maila hobetzeko, eta lasterketetan nola jokatu behar den ikasteko, horretarako balio izan zuen Tafallako probak. Pistan hurrengo helburua hilaren 17 eta 18an Gipuzkoako Txapelketa izango da.  Hilaren 25ean, Eibarren, errepideko denboraldiari hasiera emango diote juniorrek, eta martxoaren 3an kadeteek.

Harrobia

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko benjamin, alebin eta haur-kategorietako txirrindulariak neguko lanak amaitzen ari dira: joan den igandean Amalia eta Amaia Agirre Lezon izan ziren BTT martxa gogor batean parte hartzen (Jaizkibelen magalean ibili ziren); asteburu honetan, berriz, taldea Itsasondora joango da BTT lasterketan parte hartzera. Lezokoa ez zen lehiaketa, baina Itsasondokoa bai. Martxoa hastearekin batera errepideko lasterketak ere hasiko dituzte benjamin, alebin eta haur-kategorietakoek.