Mattin Salegi Eulen-JiraBiran arituko da, 23 urtez azpikoen mailan

Mattin Salegi, Adur Tapia eta Andde Etxaniz juniorrak talde lanean. (Martin Early)

2023 urtea bukatzera doa eta junior mailan Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak goitik behera aldatuko da; bost txirrindularietatik hiruk afizionatu mailarako urratsa emango dute eta bik ziklismoa utzi dute.

23 urtez azpikoen mailan izango dira datorren denboraldian Mattin Salegi, Eneko Aranguren eta Adur Tapia. Mattin Salegi zumaiarra eta Eneko Aranguren usurbildarra Eulen-JiraBiran izango dira datorren denboraldian; Adur Tapia irundarra, berriz, Heiser-Hirumet talde bizkaitarrean. Hirurek Zumaiako Txirrindulari Elkarteko upeleko ura edan dute, orain beste upel bat dastatuko dute, baina beraien garapenean urrats handi bat ematera doaz, beste ziklismo bat ezagutzera. Maila on-onean ibili dira junior mailako azken urtean eta mutil estimatuak dira pelotoian. Andde Etxanizek bizikleta utzi eta arraunari heldu dio, eta Getariako Esperantza traineruko tostan tokitxoa izateko hasita dago iada lanean. Lizar Tolosak, aldiz, behin-behinean kirola uztea erabaki du. Bost mutil puska hauei Zumaiako Txirrindulari Elkartetik eskerrak ematearekin batera, onena opa nahi zaie bakoitzak erabaki duen bide berrian. Ametsak egia bihurtzeko balio dezala egin duten eta egiten ari diren lan guztia.

2024ko Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeak bost txirrindulari izango ditu, bostak ere lehen urtekoak eta kadete mailako taldetik datozenak: Danel Beristain, Aratz Unanue, Kepa Korta, Iker Eizagirre eta Beñat Sainz. Bost hauetako bi pistan dabiltza errepideko denboraldirako pedal kolpe ona lantzen.

Gipuzkoa Challengean zazpigarren jardunaldia osatuta, Beñat Sainz hirugarrena sa sailkapen nagusian, eta Iker Eizagirre 17.a. Aurreko larunbateko jardunaldian Beñat Sainz seigarren sailkatu zen scratchean, laugarren kanporaketan eta 15. puntuaketan; Iker Eizagirre Scratchean 21. izan zen, kanporaketan zortzigarren eta puntuaketan 19. Oso maila polita ematen ari dira eta Beñat Sainz Gipuzkoako juniorrik onenen pare dabil; nabarmentzen ari da pistako denboraldian.

Kadeteetan, errepideko denboraldiari begira aldaketa ere handia da: bost junior mailara pasako baldin badira, infantil mailatik bi igoko dira kadeteetara eta zarauztar bat dator taldera, bertan ekiporik ez baitute. Kadete taldea zazpi txirrindulari hauek osatuko dute: Jurdan Regillaga, Jon Berasategi, Unai Egaña, Oñatz Etxabe, Peru Calvo, Amets Alberdi eta Lukas Blanko. Lukas Blanco zarauztarra ziklo krosa egiten ari da neguan, eta egutegiaren azken txanpan sartuta dago. Oñatz Etxabe eta Amets Alberdi pistan dabiltza. Gipuzkoa Challengeko sailkapen nagusian Oñatz Etxabe 20.a da eta Amets Alberdi 31. Oñatz Alberdi tenpon 16. izan zen, kanporaketan 21. eta scratchean seigarren sailkatu zen. Amets Alberdi B txandetan aritu zen: 15. sailkatu zen tenpon, 14. kanporaketan eta zazpigarren scratchean. Lukas Blancok asteburu honetan Araian du ziklo kros lasterketa.

Larunbat honetan zortzigarren jardunaldia osatuko da Donostiako belodromoan, 15:0etatik aurrera. Ikuskizun ederra izan ohi da. Ziklismo zale guztiak gonbidatuta daude, ez da ezer ordaindu behar, sarrera dohain bait da.