Pista hasiera txukuna

Neguko prestakuntzan laguntzeko pistako txirrindularitza erabiliko dute kadete eta juniorrek. Oso hasiera txukuna eman diote pistako egutegiari.

Kadete eta juniorren lasterketak izan ziren aurreko larunbatean Donostiako belodromoan. 100 txirrindulari inguru bertaratu ziren eta txanda ezberdinetan banatuta parte hartu ahal izan zuten Scratch, Tempo eta Puntuaketa probatan.

Juniorrek estreinatu zuten pistako denboraldia; scratchean Iker Eizagirre 13. sailkatu zen eta Beñat Sainz laugarren; Tempon Iker Eizagirre 14.a izan zen eta Beñat Sainz bigarren, Puntuaketan, aldiz, Iker Eizagirre 14. eta Beñat Sainz 7. izan ziren. Emaitza hauen batuketa eginda, sailkapen nagusian Beñat Sainz seigarrena da eta Iker Eizagirre 27.

Kadeteetan, Amets Alberdik bere bizitzako lehen lasterketak izan zituen pistan eta ondo moldatu zen. Scratchean, Oñatz Etxabe zortzigarren eta Amets Alberdi zazpigarren sailkatu ziren., Puntuaketan Oñatz Etxabe 13. eta Amets Alberdi bederatzigarren, eta Tempon Oñatz Etxabe 11. eta Amets Alberdi zazpigarren. Sailkapen nagusian Amets Alberdi 21.a da eta Oñatz Etxabe 34.a.

Larunbat honetan bigarren jardunaldia jokatuko da eta Viveros San Anton-Exclusivas Marduko taldeari beste kadete bat batuko zaio, Peru Calvok ere parte hartuko baitu txanda honetan. Egitarau bete-betea dute jardunaldi honetan txirrindulariek, eta zaleentzat ateak irekita izango dira (sarrera dohain da).