Amaitu da 2023ko denboraldia

Eneko Aranguren iveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrinularia tropelean joan den astean Azpeitian. (Utzitakoa)

Eneko Aranguren txirrindulariak jokatu ditu azken lasterketak eta betiko kendu du taldearen maillota. Igandean, gainera, arrebarekin batera lehiatzeko aukera izan zuen.

Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrinulariek amaitu dute errepideko denboraldia. Azken bi lasterketak Eneko Arangurenek bakarrik korritu ditu junior mailan; bi lasterketa txukun osatu ditu usurbildarrak kategoria agurtzeko.

Azpeitian, eguneko ihesaldian sartu zen Eneko Aranguren, eta, gero, erlaxatu egin zen kontutan izanda hurrengo egunean ere lasterketa zuela. 35. postuan sailkatu zen. 3 itzuli eman behar zitzaizkion Azpeitia, Arroa goia, Azpeitia zirkuituari eta azken itzulian amaitu zitzaion ametsa.

Igandean, berriz, Antzuolan Uzarragako igoerako lasterketa jokatu zuten, baina azken igoerari ekin aurretik oso oso bizkor ibili ziren lautadako 77 kilometroetan. 105 txirrindularik lortu zuten lasterketa bukatzea eta Eneko Aranguren 34. sailkatu zen. Honelaxe osatu du 2023 denboraldia, azkena Zumaiako txirrindulari elkartearekin. Oso amaiera polita izan da, Eneko Arangurenek eta bere arreba Iratik, kadetea izan arren, lehenengoz lasterketa berean elkarrekin parte hartu ahal izan baitute, kadeteek juniorrekin parte hartzeko izan duten baimena baliatuz.

Errepideko denboraldia bikaina izan da bai kadete eta baita junior mailan ere Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeentzat. Orain atseden hartu eta indarberritzea tokatzen da aurki ziklo-kros edo pistako denboraldiak hasiko baitira, eta 2024ko denboraldia prestatzeko garaia etorriko baita.