Labarra Pulporen igoera fasea

Mikel Martinez: "Harmailak goraino beteta ikusi nahi ditugu berriro"

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 9a, 10:00

Mikel Martinez Pulpo eskubaloi klubeko jokalaria. (Jabi Gonzalez Toston)

Pulpoko gizonen lehen taldea 2016an galdu zuen Lehen Maila Nazionalera itzul liteke asteburu honetan. Horretarako, ordea, igoera fasea irabazi beharko du, etxean.

Pulpo eskubaloi klubak mailaz igo eta Lehen Maila Nazionalera itzultzeko igoera faseari ekingo dio bihar. Galiziako Club Balonmano SAR, Kantabriako Colindres eta Kanarietako Tacoronte Lecomar 13 de Mayo izango ditu aurrean, eta taldea nahiz herria «ilusioz» daudela dio Mikel Martinez (Zumaia, 1997) jokalariak.

Ligan denboraldi borobila osatu ondoren, mailaz igotzeko faseari ekitear zaudete. Nolakoa da aldartea talde barruan?

Jokatzeko irrikaz gaude. Pena da taldekide batek ezin izango duela parte hartu lesio larria izan duelako, baina gainerako guztiak jokatzeko moduan gaude. Gainera, joan den asteburuan jardunaldirik izan ez genuenez, atseden hartzeko eta fasea behar bezala prestatzeko aukera izan dugu.

Prestaketa horri lotuta, aurkariak aztertu al dituzue? Ezezagunak izango dira zuentzat; izan ere, denboraldi osoan ez zarete elkarren aurka aritu.

Gure prestaketari eman diogu garrantzi handiena. Gainera, bi asteren faltan jakin dugu noren aurka aritu behar dugun, eta, ondorioz, ez dugu astirik izan aurkariak sakonki aztertzeko. Galiziako, Kantabriako eta Kanarietako talde bana izango dira gure aurkariak. Edonola ere, uste dut gure taldeari begiratu behar diogula gehiago aurkariari baino. Era berean, partidak aurrera doazen heinean, beste taldeak bertatik bertara ikusteko aukera izango dugunez, egokituko gara haiek menderatzeko neurketek eskatzen duten joko eredura.

Liga osoan partida bakarra galdu duzue; azkena, hain justu. Kezkarik sortu al dizue horrek faseari begira?

Denboraldi amaiera gerturatzen ari zela, partidarik galdu gabe jarraitzen genuen, eta behin fasea jokatuko genuela bermatu genuenean, erronka bota genion gure buruari: denboraldia partida bakar bat galdu gabe amaitzea. Ligako azken jardunaldian, ordea, hainbat jokalariren hutsunea izan genuen min hartuta zeudelako; ondorioz, nahiago izan genuen behar baino gehiago ez estutzea inor gehiago ez zedin lesionatu. Azken finean, galtzeko gehiago genuen irabazteko baino. Horregatik, porrot hark ez gaitu larritu, nahiz eta pena apur bat badugun ez dugulako erronka bete.

Era berean, uste dut ondo etor dakigukeela; zeren, balio izan digu konturatzeko gauzak ondo egiten ez baditugu, galdu egin dezakegula. Mailaz igo nahi badugu, ezin dugu faseko partidarik ere galdu, talde bakarrak lortuko duelako igotzea.

Zaleak aldeko izango dituzue mailaz igotzeko fase horretan. Alde horretatik, gustura egongo zarete, ezta?

Poz handia eman zigun fasea etxean jokatuko genuela jakiteak. Aurrez jada motibatuta bageunden, are gehiago gaude orain. Gainera, klubeko jendea, harrobiko jokalariak eta herriko lagunak ilusionatuta ikusten ditugu. Horregatik, espero dugu duela urte batzuk kiroldegia betetzen zuten zaleak atzera bueltan harmailetan ikustea, horrek asko lagunduko digulako.

Pulpo utzi aurretik zure jubenil mailako azken urtean jokatu zenuten Espainiako Txapelketako azken fasean ikusi zenituen Lubakiko harmailak goraino beteta.

Ez dut esango nire inguruan nabari dudan ilusioa ordukoa bezain handia denik, baina asko gerturatzen da. Oso berezia izan zen duela bederatzi urte bizi izan genuena, eta espero dut asteburukoak biziberritzeko balio izatea. Lan handia egin dugu honaino iristeko, eta mailaz igota borobildu nahi dugu denboraldia Pulporen 50. urteurrenean. Uste dut garrantzitsua litzatekeela klubarentzat Lehen Maila Nazionalera itzultzea liga gogorra delako, eta, ondorioz, Pulpotik mugitu gabe jokalari gisa hazten jarraitzeko aukera eskainiko liekeelako harrobiko gazteei.

Zu zara, hain justu, Pulporekin Lehen Maila Nazionalean jokatzea zer den dakien egungo taldeko jokalari bakarretakoa. ZKEra joan zinen ondoren Zilarrezko Mailan jokatzeko, eta duela lau denboraldi itzultzea erabaki zenuen. Zer dela-eta hartu zenuen erabakia?

Zilarrezko maila exijentea da oso, eta bidaia luze asko egin behar izaten dituzu. Nahiko nekatuta nengoen horretaz, eta nahiago nuen etxera itzuli lagunekin jokatzeko, nahiz eta maila apalagoan izan. Iritsi nintzenean lurraldeko lehenengo mailan zegoen taldea, eta, ondorioz, ez ginen Gipuzkoatik ateratzen ligako partidak jokatzeko. Denboraldi hartan gutxigatik ez genuen lortu mailaz igotzea. Hurrengoan bete genuen helburu hori, eta, hala, Euskadi osoan mugitu ginen joan den denboraldian. Denboraldi txukuna egin genuen, eta ia sailkatu ginen igoera fasera. Aurten kategoria berean aritu gara, eta mailaz igotzeko aukera baliatu nahi dugu gure zaleen aurrean. Polita litzateke hiru urtetan bigarren igoera lortzea.

Igoera faseko partidak

Atzo jarri zituzten salgai Zumaiako turismo bulegoan Pulpo eskubaloi klubak antolatutako igoera faseko sei partidak ikusteko bonuak 20 euroan, eta, goizean agortu zituzten guztiak. Neurketen ordutegiak, berriz, honako hauek dira:

Bihar, ostirala
18:00. Colindres - Club BM SAR. 
20:15. Pulpo - Tacoronte Lecomar 13 de Mayo.

Etzi, larunbata
17:15. Colindres - Tacoronte Lecomar 13 de Mayo. 
19:30. Pulpo - Club BM SAR.

Maiatzak 12, igandea
10:00. Tacoronte Lecomar 13 de Mayo - BM SAR.
12:15. Pulpo -  Colindres.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide