Lehen arraunkadak eman dituzte Telmo Deuneko emakumeek traineru berrian

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 9a, 11:30

Pasa den ostiralean jaso zuen Zumaiako arraun elkarteak Aiako Amilibia ontziolan egindako traineru berria, eta atzo arratsaldez estreinatu zuten uretan.

Telmo Deun arraun elkarteko emakumeek udako traineru denboraldian erabiliko duten ontzi berriak ukitu ditu Zumaiako itsasadarreko urak. Pasa den ostiralean jaso zuten Aiako Amilibia ontziolan egindako traineru berria, eta atzo arratsaldean egindako entrenamendu saioan lehendabizikoz erabiltzeko aukera izan zuten klubeko emakumeek. Ontziari ez diote oraindik izena eta klubaren ezaugarririk jarri. Arraun elkarteak azaldu duenez, Telmo Deun izena jarriko diote.

Ekainaren 2an erabiliko dute lehen aldiz estropada batetan, Gipuzkoako traineru txapelketan, hain zuzen.

Diru bilketa oraindik martxan

Traineruaren kostearen zati bat ordaintzeko diru bilketa abiatu zuen arraun elkarteak. Traineru berriak 45.000 euro balio ditu, eta horren bi heren Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako laguntza baten bidez ordaindu ditu klubak. Beste 15.000 euro horiek lortzeko, berriz, mikromezenasgo kanpaina jarri du Telmo Deunek martxan. Hala, diru kopuru jakin baten ordainetan, kanpainan parte hartuko dutenen izenak joango dira traineruaren barrualdean edo arraunetan. Enpresa, komertzio, taberna, kuadrilla edo norbanakoei zuzendutako ekimena oraindik martxan dagoela azaldu du klubak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide