1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte, herriko merkataritzari bultzada emateko

Maria Maya Manterola 2024ko mai. 8a, 16:00

Argazkia: Zumaiako Udala.

ErrotaHerria kanpaina abian jarri dute berriz ere udalak eta Gertu elkarteak, udaberrian ere herriko merkataritzari bultzada emateko. Maiatzaren 15etik aurrera erosi ahalko dituzte bonoak herritarrek. 

Orain arte egindako ErrotaHerria kanpainen balorazio baikorra egin dute Gertu merkatari eta ostalarien elkarteak eta udalak, eta beste garai batzuetan egin bezala, udaberrian ere bultzada eman nahi diote Zumaiako merkataritzari. 

Orain arteko funtzionamendu bera izango dute bonoek: 30 euroren truke, 40 euroko balioa duten txartelak eskuratu ahal izango dira, herriko establezimenduetan gastatzeko. Guztira, 1.000 txartel jaulkiko dira, eta beraz, 40.000 euroko inpaktu zuzena izatea aurreikusi da. 

Herritarrek maiatzaren 15etik aurrera eskuratu ahal izango dituzte txartelak, Turismo Bulegoan. Erabiltzeko bi hilabeteko epea izango dute bezeroek, eta herritar bakoitzak bono bakarra eskuratu ahal izango duenez, egiaztatzeko, bonoa erostean NANa edo identifikazio txartel bat erakutsi beharko du.

Aurreko kanpainetan parte hartu duten merkatariek ez dute izena eman beharko, baina lehenbizikoz parte hartu nahi dutenek maiatzaren 12ra arteko epea izango dute izena emateko, inskripzio orria Turismo Bulegora eraman edo zumaiaelkartea@gmail.com helbidera bidaliz.