Laboaren txoriak

Amilotx urdina (Cyanistes caeruleus)

Imanol Manterola 2024ko mar. 1a, 10:30

Kolore deigarri horiekin oso erraz ikus eta identifikatu dezakegu amilotx urdina. Baso irekietan zein parkeetan nahiko erraz ikusten da, eta esan daiteke gizakiaren hurbiltasunera ere ohitu dela.

Txori ezagun eta hedatuenetakoa da, baina bere arazoak ere baditu pinu, eukalipto eta pestiziden erruz. Ar eta emeen artean ez dago desberdintasun handirik, eta beste izen batzuk ere baditu: burubeltz urdin, kaskaurdin, sagartxori, tximutx, pinpingarratx, bururdin… Euskal Herrian lurralde guztian zehar ikus daiteke, normalean kumatzen duen ingurunean igarotzen baitu urte guztia. Udaberri hasierarako, bikotea elkartzean, lan banaketari ekiten diote: emearen lana izango da kabia egin eta arrautzak inkubatzea. Arrak, berriz, lehiakide diren beste txoriak lurraldetik uxatzeari ekingo dio, eta emea elikatzeaz arduratuko da. 6-12 arrautza jartzeko gai dira.

Luzera eta hego zabalera: 11-12 zentimetro eta 17-20 zentimetro.