Astindu dantza elkartearen ibilbidea, Oxford aretoko azken erakusketan bilduta

Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 27a, 16:00

Maiatzaren 12a bitartean egongo da Oxford aretoan, eta 2011n sortu zenetik egin dituzten hainbat eta hainbat emanaldiren argazki nahiz jantziak ikus daitezke bertan.

Jendetzaren aurrean egin zuten atzo Astindu Dantza Elkartearen azken erakusketaren irekiera. Maiatzaren 12a bitartean egongo da Oxford aretoan, eta 2011n sortu zenetik egin dituzten hainbat eta hainbat emanaldiren argazki nahiz jantziak ikus daitezke bertan. Dantza beste modu batera bizitzeko, errealitate areagotuko betaurreko batzuk ere jarri dituzte erakusketan. 

Dantza egin aurretik taldekideek emandako azalpenen arabera, taldea hazten joan da bere sorreratik, eta geroz eta gehiago dira bertako bazkideak. Hori dela eta, taldea “indartsu” dagoela gehitu zuten Astindukoek, eta dagoeneko familia “berezi” eta “eder” bat bilakatu dela dantza taldea. 

Atzokoan, erakusketari irekiera emateko, Astinduko hainbat kidek “ondoen egiten dakitenari jarraika” dantza bat eskaini zuten. Jarraian, Jone Amezagak eta Manu Gaignek Remedios Vals ikuskizuna taularatu zuten.