Eneritz Etxabe: "Zaldi gainean joanda, harreman berezia sortzen da harekin"

Gorka Eizagirre - Juan Luis Romatet 2024ko api. 26a, 09:54

Eneritz Etxabek (Zumaia, 2001) 14 urterekin debutatu zuen zaldi lasterketetan. Bost urtez parte hartu ezinik egon ondoren, hirugarren egin du aurtengo Itzurungo lasterketan.

Zalduna zara. Zein izan zen zure lehen harremana zaldiekin?

Gure ama baserrikoa da, eta gaztetatik joaten ginen hara, aitonaamonei laguntzera. 10 urte nituenean, aitak zaldi bat oparitu zidan; hasieran bera ibiltzen zen zaldi harekin, baina ni ere hasi nintzen probatzen pixkanaka. Gero, zaldi gehiago ekarri zituzten, eta zortzi-bederatzi zaldi pasatu dira gure ukuilutik.

Animalia ederra da zaldia, handia, indartsua. Beldurrik ez al dizu ematen harekin ibiltzeak?

Ez. Abiadura handia hartzen du, baina horixe gustatzen zait, adrenalina eta abiadura. Azken finean, zaldi gainean joanda, harreman berezia sortzen da harekin. Oso polita da hori.

Zaldiak berak ere konfiantza izan beharko du zurekin gauzak ondo joateko.

Ondo ezagutu behar dugu elkar. Nik badakit zaldiak zer sentitzen duen une bakoitzean: badakit zerk jartzen duen urduri, badakit bi segundo edo bi minutu barru zerk beldurtuko duen. Dena igartzen diot, eta berak berdin; ni urduri banago, berak igarri egiten du hori. Lasterketa batean urduri banago ere, nabaritu egiten du berak. Lotura bat dago bion artean.

Norbaitek pentsa dezake zaldi guztiak berdinak direla.

Guztiz desberdinak dira. Zaldiek, pertsonek bezala, beraien izaera dute. Nik bi zaldi ditut; bat oso urduria da, oso bizia, eta bestea [elkarrizketan ondoan zuena], orain urduri badago ere, berez oso lasaia da; ukuiluan oso lasai egoten da, eta bere gainean ibiltzerakoan ere bai.

Gogoan al duzu zein izan zen zure lehen lasterketa?

14 urte nituela izan zen, Abaltzisketan [Gipuzkoa]. Ez dakit gure aitak nola utzi zidan parte hartzen! Orain 14 urteko ume bat ikusten dut, eta pentsatzen dut nola atera daitekeen adin horretako haur bat lasterketa horretan. Abaltzisketako lasterketa oso berezia da zaldian ibiltzen garenontzako. Igoeran egiten den lasterketa bakarra da, eta adin horrekin atera izana oso berezia izan zen. Oraindik ez dut sinesten atera nintzenik. [Etxabek 2019an irabazi zuen lasterketa hori].

Atzera begira jarrita, urduritasun handia izango zenuen egun hartan, ezta?

Ez dut gogoratzen ondo. Gogoan dut hasiera hartan genuen zaldia oso urduria zela, bi hanken gainean altxatu zela, eta pertsona batek eutsi behar izan ziola. Gero lasaitu zen, eta jakin nuen kontrolatzen.

Lasterketetan ateratzen diren zaldunetatik gazteena ni izan naiz beti. Gehienak gizonak izan ohi ziren, eta nik erreferente bakarra nuen: Berriatuko [Bizkaia] zaldun bat. Ikusten nuen zaldi gainean ibiltzen zela, eta nik ere gauza bera egin nahi nuen. Ikusten nuen zumaiarrak ere ibiltzen zirela zaldiekin, Eneko-eta [Urbieta], baina neska bakarra aritzen zen orduan, eta orain nik ere lortu dut zerrendara batzea.

Urteekin gauzak aldatu direla dirudi. Itzurungo azken zaldi lasterketan gehiago ziren emakumezko zaldunak gizonezkoak baino.

Lehen gehiago ziren gizonak. Arriskua ere badago, abiadura handiak hartzen dira, eta lehen emakumeek ez zuten parte hartzen. Orain emakume gehiago hasi dira gure bidea jarraitzen eta lasterketetan parte hartzen. Horrek poz handia ematen du.

Ez da oso kirol normala. Zure ingurukoek, lagunek eta, zer esaten dizute?

Ez dut zaldiekin ibiltzen den gertukorik. Badago beste zaldun zumaiar bat, baina ez da asko ibiltzen. Lagunek-eta esaten didate zoratuta nagoela abiadura horretan ibiltzeagatik, baina bete egiten nauen zerbait da. Abiadura hitza aipatu duzu behin baino gehiagotan.

Bizkortasun horretan, erraza izaten al da zaldia kontrolatzea?

Zaldiak ere aztoratu egiten dira, gu aztora gaitezkeen bezala norbait alboan jartzen zaigunean. Zaldiak elkarren ondoan doazenean haserretu egiten dira, eta gehiago kostatzen da haiek heltzea. Baina, hainbeste entrenatu ondoren, zaldia ezagutu egiten duzu. Indarra behar da, bai, baina teknika ere beharrezkoa da.

Entrenamenduak aipatu dituzu. Non entrenatzen duzue?

Santelmoetan hondartzako lasterketa genuela eta, Santiago hondartzan aritu ginen entrenatzen, Zumaian. Laster Abaltzisketako lasterketa dugunez, orain errepidean entrenatzen arituko gara, zaldia ohitzen joateko. Ez da gauza bera hondartzan edo errepidean korritzea. Hondartzan bost itzuli eman behar dira, hondarretan, bihurgune askorekin. Abaltzistetako proba, berriz, asfaltoan jokatzen da, goraka, abiadan, eta horrelako lasterketa batean arnasketa eta erresistentzia dira garrantzitsuenak.

Bost urtez parte hartu gabe egon zara Itzurungo lasterketan. Gaixotasun bat ere izan duzu tartean. Zaldiek lagundu al dizute errekuperazioan?

COVID-19agatik pare bat urtean ez zen lasterketarik jokatu. Gero, 2021ean, minbizia diagnostikatu zidaten. Nuen ilusio bakarra zaldian ibiltzea zen, baina lasterketak lagatzekotan egon nintzen, oso arriskutsuak direlako. [Zaldiarekin] Zumaian ateratzea zen nire motibazio bakarra. Azkenean, aurten atera naiz, eta, gainera, hirugarren sailkatu naiz. Oso gustura aritu nintzen, fisikoki oso ondo eta buruz inoiz baino hobeto. Pozik nago lortutako emaitzarekin.

Jarraitzeko asmoa izango duzu, beraz.

Bai, zalantzarik gabe. Indarra eman dit Zumaiako lasterketak, eta erakutsi dit egin dezakedala, horren zalantzak ere banituen eta; ez nekien nola moldatuko nintzen, nola erreakzionatuko nuen. Sekulako mendia nuen aurrean, eta amak esan zidan bezala, Txindoki igo egin behar da. Gauza asko igaro dira bidean, negar asko, min handia... Baina denak pasatu ditugu, eta orain gozatzea tokatzen da.

Etxekoek zer esaten dizute?

Horiek dira nire izarrak, beti lagunduko didatenak. Eta Motxanekuak zaldi elkartekoei ere eskerrak eman nahi dizkiet urtero zaldi lasterketa antolatzeagatik. Lehen herri denetan egiten ziren: Zumaian, Zarautzen, Donostian, Getarian, Lekeition [Bizkaia]... Orain, Zumaian bakarrik mantentzen dira, Motxanekuak elkarteak egiten duen lanagatik.