Oscar sarietarako hautagai izan den 'Robot dreams' animazioko filma emango dute gaur zine forum saioan

Juan Luis Romatet 2024ko api. 25a, 09:00

Pablo Berger zinemagile bilbotarraren azken lana emango du gaur Ostarrena zine klubak Aita Marin. Saioa 19:00etan hasiko da eta sarrerak aretoko leihatilan izango dira salgai.

Animazioko film onenaren Oscar sarirako hautagai izan zen Robot dreams filma emango du Ostarrena zine klub taldeak gaur arratsaldez zine forum saioan. Emanaldia 19:00etan izango da, eta sarrerak 5 euroan izango dira salgai aretoko leihatilan.

Pablo Berger zinemagile bilbotarraren azken lana da Robot dreams. Berger ezagun egin zen 2012. urtean Blancanieves zuri-beltzezko film mutuarekin. 10 Goya sari eskuratu zituen film hark. Gaur Zumaian emango den lan hau bere bosgarren film luzea da, eta Sara Varonen nobela grafikoa egokitu du pantaila handira.

Iazko Canneseko jaialdian aurkeztu zuenetik sari ugari jaso ditu film honek. Horien artean animazioko film onenaren eta egokitutako gidoi onenaren Goya sariak, edo animazioko film onenari dagokion Europako Zinemaren saria daude, besteak beste.