Herriko artisauak animatu ditu udalak ekaineko azokan parte hartzera

Juan Luis Romatet 2024ko api. 20a, 12:00

Ekainaren 30ean egingo da Artisau azoka, eta bertan parte hartzeko deialdia egin die Udaleko Kultura Sailak herriko artisauei.

Jostailuak, pitxiak, jakiak, pastelak eta ogiak, jolasak... Herritarrek zein bisitariek izango dute zer ikusi eta, nahi izanez gero, zer erosi uda garaian egingo den Zumaiako Artisau Azokan. Aurten San Pedro jaien barruan egingo da, ekainaren 30ean, goizez eta arratsaldez.

Antolaketa lanetan hasita, Zumaiako Udaleko Kultura Sailak dei berezia egin nahi die herriko artisauei azoka honetan parte hartzeko. "Bestelako aukeraketekin hasi aurretik herriko sortzaileei dei bat egin nahi diegu, lehentasun bat baita zumaiarrei aukera ematea", adierazi dute Kultura Saileko arduradunek. 

Azoka honetan parte hartzeko interesa duten Zumaiako artisauek maiatzaren 6ra arte dute beraien eskaera aurkezteko aukera. Horretarako, eskabide orria bete eta bertan zehazten den dokumentazioarekin bidali beharko dute kulturetxea@zumaia.eus helbidera (mezuak gehienez 8Mbeko pisua izan beharko du). Eskaerak jaso ostean aukeraketa egingo du Kultura Sailak.