Kbi xake klubeko A taldeak beste pauso bat eman zuen pasa den larunbatean denboraldi hasieran jarritako helburuak betetzeko. Igoera faseko jardunaldia izan zuen, eta Hondarribia-Marlaxka C taldea hartu zuen Hogarrean. Zumaiarrak nagusi izan ziren, eta 4-0 emaitzarekin irabazi zieten hondarribitarrei. Oier Sarasketak, Xabier Aranzabalek, Fermin Laurobak eta Antonio Jose Martinek jokatu zuten pasa den asteburuan Kbiren A taldearekin.
Jardunaldi honen ondoren igoera lortzeko aukerak areagotu egin dira zumaiarrentzako. Izan ere, sailkapeneko lider da Kbi A taldea 18 punturekin, eta hiru puntuko aldea du bigarren eta hirugarren diren Gros G eta Alfil B taldeekiko; 15 puntu dituzte bi talde hauek. Jardunaldi bakarra falta da denboraldia bukatzeko, eta datorren larunbatean Donostian izango dituzte partidak, Gros E taldearen aurka, hain zuzen. Bosgarren dira donostiarrak, eta Kbi A-k nahikoa luke puntu eta erdi lortzea igoera ziurtatzeko.
Bigarren mailako Kbi B taldeak, jaitsiera faseko partida izan zuen pasa den larunbatean, honek ere Zumaian. Gros H taldea izan zuen aurkari, eta 2,5-1,5 emaitzarekin irabazi zuen. David Rodriguez, Oscar Aizpurua, Miguel Angel Aguado eta Beniaarbi Mohamed aritu ziren Zumaiako klubarekin.
Berebiziko garrantzia izan du garaipen honek. Hala, sailkapenean laugarren da Kbi B taldea punturekin; Gros H-k, berriz, 13,5 puntu ditu. Datorren asteburuan Billabona D-ren aurka jokatuko dute zumaiarrek.
Kbiren C taldeak etxetik kanpo jokatu zuen Agustin de Leiza C taldearen aurka. 3-1 emaitzarekin galdu zuten zumaiarrek. Julio Hernan Andrade, Endika Ruiz, Mohamed Benabdallah eta Armine Benabdallah aritu ziren jardunaldi honetan Kbiren C taldearekin. Zumaiako taldeak ixten du hirugarren mailako sailkapena.