Etxegabetzeei buruzko hitzaldia izango da ostegunean Etxapen

Maria Maya Manterola 2024ko api. 16a, 13:00
Etxape Zentro Sozialistako hitzaldi bateko irudia.

Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak berriki egindako ikerketa aurkeztuko du hitzaldian. Azaldu dutenez, moratoriaren mugak salatu eta politikarien proposamenak aztertuko dituzte. 

Hego Euskal Herriko etxegabetzeen inguruko ikerketa aurkeztuko dute ostegunean Etxape Zentro Sozialistan. Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak aurkeztuko du ikerketa, eta iragarri dutenez, moratoriaren mugak salatzeaz gain, politikarien proposamen politikoak aztertzeko beta hartuko dute. Hitzaldia 18:30ean hasiko da.

Hitzaldiaren antolatzaileek prentsa ohar bidez azaldu dutenez, moratoriak prozesuak denboran luzatu besterik ez ditu egiten: "Gaur egun indarrean egon arren, ez da aplikatu auzipetutako kasuen %70ean, gutxienez. Epaitegietan hasitako etxegabetze-prozedurek igotzen jarraitzen dute, 2008tik izandako gorakadaren joera mantenduz. 2001ekin alderatuta, Hego Euskal Herrian urtero ia 1.000 etxegabetze-prozedura gehiago sartzen dira epaitegietan alokairuagatik". 

Zumaian, esaterako, alokairuko etxebizitza baten bataz besteko prezioa 774 eurokoa izan zen iaz, emandako datuen arabera. Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) antzeko diru-sarrerak dituen Zumaiako familia batek bere diru-sarreren % 72 bideratzen du, beraz, alokairuaren errenta ordaintzera. 

Gainera, etxegabetze estrajudizialak eta ikusezinak hazten ari direla salatu dute. Arrazoi nagusia errenten etengabeko hazkundea eta arautu gabeko errentamendu modalitateen igoera dela uste dute hitzaldiaren antolatzaileek.

Arazo horren aurrean politikariek aurkeztutako proposamenak ez dira baliagarriak beren ustez: "Langileontzat, etxebizitzaren arazoa gainditzea ez da alderdi politikoen eskutik etorriko, baizik eta arazoa zuzenean pairatzen dugunon auto-antolakuntzarekin".