Herritarrekin ospatu nahi du Baleikek bere 30. urteurrena

Erredakzioa 2024ko api. 11a, 19:00
2014an egin zen kalejirako une bat, Baleikeren 20. urteurrenean.

Jaialdi bat prestatu nahi du Baleikek ekainaren 15erako, bere 30. urteurrena eta Gukaren aro berria ospatzeko. Jaialdi horretan parte hartu nahi duten herriko taldeekin bilera egingo du datorren asteazkenean, hilaren 17an, Alondegian. 

1994ko ekainean atera zen Baleike aldizkariko lehen zenbakia. Ordutik, tarte txiki batean izan ezik, fin-fin, aritu da Zumaiako eta zumaiarren bizitzen berri ematen, paperean hasieran, Internet bidez ere bai ondoren. 

Urteak aurrera doaz, bizitza ere bai, eta Baleikek 30 urte beteko ditu datorren ekainean. Aurrerantzean Gukak emango dio segida Baleikeren ibilbideari, eta erreleboa jai giroan ospatu nahi dugu. Beti bezala, herritarrekin ospatu nahi dugu data esanguratsu hori, eta horretarako kalean egingo den jaialdi edo ekitaldi jendetsu bat antolatu nahi dugu. Ekainaren 15ean egin nahi da, eta bertan, aurreko urteurreneko ekitaldietan gertatu bezala, herriko talde, elkarte, eragile edo norbanakoak gonbidatu nahi ditugu jaialdi horretan parte hartzera. Musikaz, dantzaz, antzekiz, jai giroaz bete nahi ditugu Zumaiako kale eta plazak.

Hori guztia martxan jartzeko lehen bilera ireki bat egingo da, datorren asteazkenean, 19:00etan, Alondegian. Azaldu eta partekatu zuen ideiak!