Zumaiako argazki zaharrak erakutsiko dituzte Oxforden gaurtik

Maria Maya Manterola 2024ko api. 11a, 15:00
Erakusketan ikusi ahal izango den argazki bat. Santelmoetako prozesioa ageri da, Erribera kalearen sarreran.

Hilaren 23ra artean, fototekan bildutako herriko argazki zaharrak izango dira ikusgai Alondegiko erakusketan. Gaur zabalduko ditu ateak, 18:00etan.

Alondegiko Oxford aretoan ikusi ahal izango dira iazko deialdian Fototekarako bildutako Zumaiako argazki zaharrak. Udalak iaz bildu zituen argazkiak, herritarrei deialdia egin ondoren, eta orain, 30 inguru ezarriko dituzte erakusketan. Gaurtik hilaren 23ra artean ikusi ahal izango da bilduma, 18:00etatik 20:00etara, astelehenetik igandera. Asteburuetan eguerditan ere zabalik izango da, 12:30etik 14:00etara.

Argazkiak jendaurrean jartzeaz gain, herritarrek horien gaineko informaziorik izanez gero, datuak jasotzeko ere balioko du erakusketak, udalak jakinarazi duenez.