Jaietan ere protestan, hitzarmen eske

Maria Maya Manterola 2024ko api. 11a, 09:00

Etxez etxeko langileak protestan ari dira santelmoetan ere, beste udalerrietako zerbitzuarekin parekatuko dituen hitzarmen bat negoziatzea eskatzeko.

Etxez etxeko langileek zerbitzua publifikatzera bidean protestak egiten ari dira San Telmo jaietan ere. Azaldu dutenez, iaz amaitu zen hitzarmena, eta hainbat negoziazio bilera egin badituzte ere, ez dira adostasun batera iritsi. 

Azaldu dutenez, Eulen Servicios Sociosanitarios enpresako langileek –udalak azpikontratatutako zerbitzua– oso baldintza kaskarretan jarraitzen dute lanean, "inguruko herrietan eta udalak zerbitzua ematen duen udalerrietan baino askoz okerragoetan". Udal Gobernuak herriko hainbat zerbitzu –tartean, etxez etxekoa– publifikatzea agindu zuela gogorarazi nahi izan dute. Zumaiako zerbitzuan 22 pertsonak egiten dute lan zerbitzu horretan, guztiak emakumeak. 

"Langileen eta zerbitzua jasotzen duten erabiltzaileen kontura, ahalik eta etekin ekonomiko handiena lortzea" da helburua, ELA sindikatuaren esanetan. Azaroaren 30eko greba feminista orokorra aipatu dute: "Egun horretan aldarrikatu den bezala, zaintzen eredua eraldatu behar dela, logika kapitalistan eta emakumeen esplotazioan oinarritutako eredu batetik atera eta bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu baterantz aurrera eginez".