Txikipediak Akuariumarekin egindako lanketa, erakusgai Oxforden

Juan Luis Romatet 2024ko api. 10a, 15:00
Zumaiako Herri Eskolako irakasleak, Oxfordeko erakusketan. (Juan Luis Romatet)

Donostiako Akuariumarekin batera, Txikipedia proiektuaren barruan egindako lanketa erakutsi du Zumaiako Herri Eskolak Oxford aretoan.

2018. urtean ekin zioten Txikipedia proiektuari, eta hasieratik kolaboratzaile izan du Zumaiako Herri Eskola. "2018ko apirilean hasi zuten Txikipedia eta hilabete horretan bertan idatzi genuen lehen artikulua", azaldu du Mikel Fernandez Arroiabe Herri Eskolako irakasleak eta ikastetxeko Txikipedia proiektuaren arduradunak. Proiektu honetan, ikasle helduagoek txikiagoentzako edukia sortzen dituztela azaldu du irakasleak: "Wikipedia entziklopediaren modukoa da Txikipedia, baina haurrei zuzendutakoa".

Programa honen barruan egindako azken lanketan itsasora begira jarri dira Herri Eskolako Batxilergoko ikasleak. Izan ere, euskal kostaldean aurki daitezkeen arrainen inguruko artikuluak sortu dituzte, Donostiako Akuariumekin lankidetzan. Helburua bertako arrainak ezagutzea izan dela gaineratu du irakasleak. "Azken plangintza honetan diziplina desberdineko ikasgaiek hartu dute parte, marrazketa artistikoak, biologia/geologiak eta latinak, hain zuzen. Akuariumek pasa zigun zer arrain espezie dauden gure kostaldean, baita haien ilustrazioak ere. Horrekin, marrazki artistikoak egin dituzte; latinekoek arrain espezien izenak itzuli eta azalpen txiki batzuk idatzi dituzte; eta biologia/geologiakoek artikuluak idatzi dituzte, marrazkiekin eta izenen azalpenekin".  

Behin lanak amaituta, Akuariuma bisitatzeko aukera izan zuten ikasleek. Ez zen horrekin, baina, harremana bukatu. Izan ere, Akuariumak poster bat atera du eta bertan, QR kode bidez, eduki hori guztia bistagai izango da. "Akuariumeko kolaborazio horrekin ikasle beraiek motibatu egin dira. Asko emozionatu dira. Izan ere, Akuariumak eragiten die txikitako oroitzapen bat, eta esan zitzaienean hara joango ginela eta gainera haiek poster bat aterako zutela, egindako marrazkiak eta idatziak erakutsiko zituztela, hori oso polita izan da beraientzako", onartu du irakasleak. 

Proiektuaren amaiera gisa, erakusketa egin dute Alondegiko Oxford aretoan. Agenda kontuengatik, egun eta erdiz bakarrik izango da bisitagai. Hala, gaur arratsaldez izango da azken aukera Zumaiako Herri Eskolako ikasleek egindako lanak ikusteko, 18:00etatik 20:00etara bitartean.

Mila artikuluko langa pasatu

Azken lanketa honetan 54 artikulu berri sortu dituzte Txikipediarako. "Horietatik 32k dituzte ikasleek egindako marrazkiak, eta horiek erakutsi dira Oxfordeko erakusketan", azaldu du Fernandez Arroiabek. Artikulu hauekin, Herri Eskolako ikasleek mila artikulutik gora ondu dituztela ere adierazi du irakasleak. "Txikipedian, guztira, 7.000 artikulu inguru daude, eta horietatik mila Zumaiako ikasleek egin dituzte".