Udako jarduetarako izen ematea gaur zabalduko du udalak

Juan Luis Romatet 2024ko api. 10a, 09:55

Udaleku irekietarako, Musi-K udalekuetarako, kirol jarduetarako eta udazaintza zerbitzurako izenak hartuko dituzte gaur hasi eta apirilaren 26ra arte.

Haurrei eta gazteei zuzendutako hainbat jarduera izango dira Zumaian uda garaian. Udaleku irekiak, musikarekin lotutako udalekuak, udazaintza zerbitzua eta kirol jarduerak. Horiek guztietarako izen ematea gaur zabalduko du Zumaiako Udalak. Interesdunek apirilaren 26ra arte izango dute haur zein gazteak apuntatzeko aukera.

Udazaintza zerbitzua

HH2ko haurren zaintza eskaintzen du jolasean oinarrituta eta adin horretako beharrak kontuan hartuta. Herri Eskolaren Aita Mari eraikinean eskainiko da, bi txandatan: uztailaren 1etik 12ra lehena, eta uztailaren 15etik 24ra bigarrena. 

Prezioa 148,60 euro izango da hilabete osorako, eta 79,55 euro hamabost egunerako. Izenak ikastetxeetan emango dira.

Informazio gehiagorako euskara@zumaia.eus helbidera idatzi daiteke.

Udaleku irekiak

Zerbitzu honetan aisialdian oinarritutako eremu hezitzaile bat eskaintzen da, jolasean, elkarbizitzan eta euskaran oinarrituta. HH3tik LH6ra bitarteko haurrei zuzenduta dago, Herri Eskolaren Sagarbideko eraikinean emango da, bi txandatan: uztailaren 1etik 12ra lehena eta uztailaren 15etik 24ra bigarrena. 

Prezioa 98,65 euro izango da hilabete osorako eta 56,25 hamabost egunerako. Izenak ikastetxeetan emango dira.

Informazio gehiagorako euskara@zumaia.eus helbidera idatzi daiteke.

Musi-K udalekuak

Musi-K udalekuak aisialdia, kultura eta musika uztartzen dituen eremua da. Amaieran gaztetxoek ikuskizuna eskainiko dute. Jarduera hau HH4tik LH6ra bitarteko haurrei zuzenduta dago, Ubillosen emango da uztailaren 15etik 26ra (hilaren 25a jai izango da), 9:30etik 13:00etara.

Prezioa 90,20 euro izango da, eta izenak Alondegia kultur etxean emango dira (943-86 10 56 / alondegia@zumaia.eus).

Informazio gehiagorako alondegia@zumaia.eus helbidera idatzi daiteke.

Kirol udalekuak

Kirol jarduera edo jarduera fisikoa oinarri hartuta haur/gazteen aisialdia modu aktibo eta entretenigarrian betetzea du helburu zerbitzu honek. Tenisa, padela, softballa, hockeya, ur jolasak, hondartzako boleibola, arraunketa, piragua edo mendi ibilaldiak antolatu dituzte, taldeetara egokituta. Bi hamabostalditan apuntatu ahal izango da, uztailaren 1etik 12ra eta uztailaren 15etik 26era, 9:30etik 13:00era. Taldeko 10 eta 16 lagun apuntatu daitezke. 

Prezioa 90,20 euro izango da Lubaki kiroldegiko bazkideentzat eta 112,75 bazkide ez direnentzako.

Kiroldegiko jarduerak

Haurren igeriketa eta haurrentzako surf, sup eta bodyboard ikastaroak emango dituzte. Kasu honetan, izenak maiatzaren 2tik 24ra emango dira edo ikastaroa hasi baino astebete lehenago arte, lekua baldin badago.