Uretara itzuli dute 'Xabier' batela

Juan Luis Romatet 2024ko api. 9a, 17:30

80 urte inguru dituen Xabier batela uretaratu du Beduola elkarteak zaharberritze lanak amaitu ondoren.

San Telmo eguna izan zen atzo. Eguzkitsua zen eguraldia euritsu bihurtu zen bazkalondotik aurrera, eta justu zaparrada artean uretaratu zuen Beduola elkarteak Axular ibiltokiko lokalean zaharberritu duten azken ontzia. Xabier du izena batel honek eta 80 urte inguru dituela pentsatzen dute itsas ondarea berreskuratzeaz arduratzen den elkarte honetako kideek. 

Orion, Txanka familiaren lokalean egindako batela, XX. mendearen erdialdera erabiltzen zuten San Nikolas jaien bueltan egiten ziren estropadetan. Donostian ere erabili zuten, eta 1995. urtean egun Beduolako kide den Pello Iribarrek jaso zuen eta orain urte gutxira arte Getariako Udalarena den lokal batean gorde zuen. Duela bi urte, 2022an, Beduolaren lokalera ekarri zuen, eta iaztik aritu dira ontzia zaharberritzen Iribar bera eta Mitxel Gorrotxategi, Joxe Manuel Osak gidatuta.

Behin berritze lanak amaituta, ura ukitzeko aukera izan zuen berriro ere Xabier batelak. Une berezia izan zen atzokoa, eta Beduolako kideak bakarrik ez, beste hainbat lagun ere bertaratu ziren Arranplara, euriari aurre eginda, ekitaldia jarraitzera. Hala, urte askoren ondoren, uretan da berriro Xabier.