Trantsizio ekologikoari aurre egiteko neurriak iragarri ditu EAJk

Maria Maya Manterola 2024ko api. 9a, 16:00
Argazkia: EAJ.

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako hautagaitzako kideek agerraldia egin dute Geoparkean, neurri horien berri emateko. Horien artean da Maria Eugenia Arrizabalaga, eta haren hitzetan, etorkizun iraunkor bat eraikitzerako orduan klima aldaketa da gakoetako bat.

Trantsizio ekologikoari modu eraginkor, ordenatu eta koordinatuan aurre egiteko deia luzatu eta, bide batez, prozesu hori indartzeko neurriak aurkezteko, agerraldia egin zuen joan den igandean EAJk. Geoparkean elkartu ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako zenbait hautagai, horien artean Maria Eugenia Arrizabalaga zumaiarra. 

Ondare natural, geologiko eta ekologikoaren zaintza eta sustapen jasangarriaren eredu da Geoparkea, Arrizabalagaren hitzetan. Natura, aisia, turismo jasangarria eta balore pedagogikoak islatzen ditu leku horrek hautagai jeltzalearen ustez, eta ondorengoentzat etorkizun iraunkor bat eraikitzerako bidean, klima aldaketa da harentzat garrantzizkoenetako bat.

Bere esanetan, "aspalditik" ari dira urratsak ematen, baina bide luzea dute egiteko: "Agerikoa da beroketa globalak gero eta eragin handiagoa duela, eta estrategia klimatikoa indartu eta azkartu behar dugula. Azkar eta ondo erantzun behar dugu: trantsizio energetikoari ekin behar diogu. Eraginkortasunez, eta elkarlanean". Ildo horretan, mugarritzat jo zuen joan den otsailean Eusko Legebiltzarrean onartutako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea. "Ezinbesteko tresna izango da, asmo handiko helburuak, kuantifikagarriak eta horiek lortzeko egitasmoak aurreikusten duena, eta marko horrek eskaintzen dizkigun aukera guztiak zukutzea izango da orain gure ardura".  

Neurri zehatzak

EAJk aurkeztutako programak proposaturiko neurri zehatzak aipatu zituen Arrizabalagak: bost trantsizio energetikoaren, energia garbiaren eta energia subiranotasunaren esparruan; zazpi mugikortasun jasangarrian; hamabi ingurune naturalaren eta osasunaren zaintzan; hamazazpi ekonomia berde eta zirkularrean; eta 22 lehen sektorearen sustapenean, besteak beste. Horietariko batzuk aipatu zituen: bertako energia ekoizpena bultzatzea, garraio publikoa sustatzea eta aukera ekonomiko berriak aprobetxatzea, "herritarrekin batera, haiei entzunez eta asmoak partekatuz".