GUTUNA

Tren geltokiko egoeraz

Ione Etxabe 2024ko api. 10a, 09:00

Obretan da Zumaiako tren geltokia, eta herritar batek ondorengo gutuna igorri du geltokian topatu duen egoeraz. 

Lotsagarria eta onartezina da Zumaiako tren estazioaren egoera. Zortzi hilabetez itxita egon da estazioa, eta duela gutxi ireki zen berriro tren zerbitzua, baina bertan zeuden aldapak ez daude erabilgarri eta ez dago sarrera egokiturik elbarri, hau- kotxe edota bizikletarekin doazen bidaiarientzat. 

Erreforma lanak direla eta, beheko tuneleko sarrera itxita dago, eta lehen bertatik aldapatik igotzeko aukera zegoen. Orain, Zumaian trena hartu ahal izateko, oinezkoen kasuan eskailerak daude igotzeko, baina elbarri, bizikleta eta haur-kotxeekin doazen bidaiariek kerrepidetik igo behar dute.

Gure kasuan, gaur-kotxearekin gindoazen, eta Zarauztik Zumaiara iristean a zer nolako sorpresa eta haserrea: trenetik jaitsi eta soilik eskailera bitartez atera daiteke estaziotik (aurrena jaitsi eta gero igo egin behar dira gainera), izan ere, lehen zeuden aldapak baliogabetuta daude erreforma lanak direla eta. Nola da hau posible? Noren buruan sartzen da estazioa horrela irekitzea?

Zortzi hilabetez itxita egon ondoren, onartezina da egoera honetan ireki izana. Zumaiara iristean edota Zumaiatik Bilborantz joateko eskailerak daude. Gidariarekin hitz egin eta elbarrien kasuan telefono batera deitu behar dela esan zigun, laguntza jaso ahal izateko, baina bizikleta edota haur-kotxeekin joanez gero, bost axola zaie eta norbera konpon dadila, ezta? Zumaiara iritsi eta zer egin behar du egoera hori topatzen duen bidaiariak? Elbarri batek telefono batera deitu behar dela pentsatuko duela uste duzue? Eta haur-kotxearekin doan edonork, eskailerak igo eta jaitsi beharko dituela? Benetan, ez zaigu buruan sartzen egoera honetan ireki izana. Noiz arte egon behar dugu horrela? Konponbide bat behar dugu berehala.