Prozesioa eta hamaiketakoa, San Telmo Eguneko lehen orduetan

Juan Luis Romatet 2024ko api. 8a, 15:00

Herritar ugarik hartu du parte goiz partean egin den ohiko prozesioan. Horietako askok hamaiketakoa izan dute beherakoan San Telmo kaleko elkarte gastronomikoetan.

Jai giroak bai, baina baita tradizioak ere. Denak dute lekua San Telmo jaietan, eta batzuetan biek ere bat egiten dute denbora eta leku berean. Galdetzea besterik ez dago gaupasa egin eta goizeko 10:00ak aldera San Pedro Parroki ingurura bertaratu den gazte taldeari. Handik abiatu da ohiko prozesioa. Santoaren irudia bizkarrean hartu eta Zumaiako Bandaren musikak lagunduta, agintariak, herritarrak oro har, prozesioan igo dira San Telmo kalean gora santoaren izen bera duen ermitara. Han egin da meza nagusia eta itsasoaren bedeinkapena.

Ermitara igo bai, baina mezatarako geratu ez direnek geldialdia egin dute San Telmo kaleko elkarte gastronomikoetan. Salda, txorizo eta haragi egosiarekin barrenak betetzeko parada izan dute denek ere. Batzuei besteei baino hobeto etorri izan zaie mokadu hori festekin jarraitu ahal izateko.