Zumaiako taldeen doinuak entzun dira txosnagunean

Juan Luis Romatet 2024ko api. 8a, 18:00

Biderbost, Pertz eta The Grace of Dionysus Zumaiako rock taldeak igo dira txosnaguneko oholtzara San Telmo jaien barruan.

Zumaiako rock taldeen txanda izan zen atzo arratsaldez Arranpla parean egokitutako txosnaguneko oholtza gainean. Danborradarekin eta bandera igoerarekin talka ez egiteagatik, ohikoa baino goizago hasi ziren kontzertuak, 19:00etan hain zuzen ere. 

Biderbost laukotea izan zen agertokira igotzen lehena. Laukote honek bere ibilbideko lehen kontzertua eskaini zuen atzo, eta hori hala izanda ere, entsegu lokalean lan franko egin dutela erakutsi zuten. Lau abesti grabatu dituzte dagoeneko, baita plataformetara igo ere. Kanta horiek, eta gehiago –bertsio bat edo beste barne– entzuteko aukera izan zuten bertaratu zirenek.

Pertz boskotearen txanda izan zen jarraian. Talde gaztea izanda ere, taldekide batzuk badute esperientzia aurreko talde batzuetan –gitarristetako batek Biderbost taldean baxua jotzen du–, eta orain pare bat aste plataformetara igo dituzten bost abestiak herritarren aurrean abesteko parada izan zuten.

Talde beteranoenak itxi zuen txosnaguneko arrats musikala. The Grace of Dionysus blues rock hirukoteak zuzeneko oso landua du, eta duela bi urte plazaratutako Quimera abestiez, gehi aurreko bi emaitzetako kantez osatutako errepertorio sendoa plazaratu zuten.