Santelmoen atariko, goi mailako bertso jaialdia eta pilota egokitu lehia izan dira herrian

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 6a, 20:23

Atzo arratsaldean hiru pilota partida jokatu zituzten Odieta pilotalekuan, eta gauean, bertso saioa izan zen Zumaienan punta-puntako partaideekin.

Ofizialki, gaur hasi dira santelmoak San Telmo ermita ingurutik botatako suziriak lehertzearekin bat. Baina, ohi bezala, bezperan, ostirala, izan ziren jaietako lehen ekitaldiak: bertso jaialdia Zumaienan, eta pala egokituko partidak, Odietan.

Arratsaldean jokatu zituzten pilota lehiak, GKS-k eta IA-k antolatuta. 18:00etan hasi zen ikuskizuna, eta guztira hiru partida egon ziren, tartean zumaiarren arteko lehia –Leire Esnal eta Egoitz Arribas, Xabier Olaziregi eta Luis Zulaikaren kontra–.

Giro polita izan zen frontoian, eta giro on horrek gauean jarraitu zuen Zumaienan, bertan egin zuten bertso jaialdian. Izan ere, Zumaiako Bertso Eskolako kideek azaldu dute ia 400 bertsozale elkartu zirela eta giro ederra nagusitu zela. "Era askotako gaiak jarri zituen Maddalen Arzallusek: jaiak, olagarro zopa, turismoa, euskara, hauteskundeak... Jendea gustura zen amaieran". Bertsotan, gainera, punta-puntako bertsolariak izan ziren: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Xabat Galletebeitia eta Sustrai Colina.

(Argazkiak: Xabier Azkue eta Zumaiako GKS)