Azpeitiar bat Zumaian

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Galarza 2024ko api. 6a, 09:07
San Telmo ermita.

Apirileko Baleike aldizkarian Korapiloa atalean Mireia Galarza Bastida kazetariak idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

"Apirileko aldizkarian zure iritzia tokatzen da, Mireia", esan zidan lankideak orain pare bat aste. Beti bezala, hasperen egin eta buruari bueltaka hasi nintzen ea lerro hauek nola bete nitzakeen pentsatzen, ez bainaiz onena iritziak ematen. Gero konturatu nintzen aldizkari hau ateratzearekin batera izango zirela Zumaian santelmoak, eta pentsatu nuen: "Tira, bada garaia pentsatzen duzuna esateko".

Ez gara engainatuko, herriko festek beti sortzen dute zirrara berezi bat, tximeleta moduko batzuk sabelean-edo. Gehientsuenok hasten gara astebete inguru falta denean egun horietan zer egingo dugun pentsatzen, gure gorputzek uzten diguten neurrian festak ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Zuek ere, zumaiarrok, iritzi hau irakurtzen ari zaretenerako prest izango dituzue armairuan brusa urdina eta zapia, dagoeneko aterata ez badituzue behintzat. Asteburu batekin nahikoa ez, eta bitan ospatzen dituzue zuen festak, zuek bai jakin! Gero azpeitiarroi esaten digute festa asko ditugula…

Asteburu batekin nahikoa ez, eta bitan ospatzen dituzue festak Zumaian. Zuek bai jakin!

Kazetarion kasuan, ordea, festa garaia lan garaiaren sinonimo da, eta aurten, Pazko astea lan egitea tokatzen zaidala ikusita, ezinbestean egokituko zait Zumaiara joatea, argazki kamera edo mikrofonoa eskuan dudala zuek engainatzeko prest. Hortik kanpo, baina, aitortuko dizuet ez dudala inoiz ohitura handirik izan Zumaiako festetara joateko. Barkatuko didazue, baina asmoa izan dugun guztietan euria goian eta behean egin izan du!

Santelmoetan asko ez, baina beste egoera askotan suertatu zait zuen herrira joatea, eta ez da belarria jateagatik, baina hartu diot estimua Zumaiari. Ez dut bigarren etxebizitzarik Zumaian, baina UKTn ikus-entzunezko kazetari bezala lanean daramatzadan lau urteetan ikasi dut Zumaia izena zumetik datorrela, baita Eusebio Gurrutxaga plazari eta Foruen enparantzari Beheko eta Goiko Plaza deitzen diozuela ere. Ondo barneratu dut udako TAO garaian autoa non utzi behar dudan ordaindu nahi ez badut, eta probatu dut zuek prestatutako olagarro zopa. Bisitatu ditut herrigunetik harago dauden hainbat leku –Artadiko San Migel eliza, Oikiako eskola…– eta badakit surflarientzat Roka Puta dela Izustarri. Pentsa, ia inoiz zapaldu gabe, ederki ziurtatu didate santelmoetan parranda onena txosnen bueltan egiten dela!

Aurretik kontatutakoa ikasi dudan bezala, kondaira baten berri ere izan nuen aurrekoan. Orain dela urte asko, herriko arrantzaleek arrainik arrantzatzen ez zutela eta, San Telmoren bustoa uretara bota omen zuten, eta harrezkeroztik, madarikazio moduan edo, ia urtero egin omen du euria festa horietan. Ikusi beharko da aurten ere hala egiten duen! Euria egin ala ez, ondo pasa festak, eta lanean bada ere, bertan ikusiko gara!